Ekonomia -
Garraioa
Auzitegiak onartu egin du Hiruk Gipuzkoako bidesarien arduradunei egindako salaketa
Garraiolarien sindikatuak azaldu duenez, epaileak prebarikazio deliturik ote dagoen zehazteko abiatu du ikerketa.
agentziak | eitb media
Donostiako 1. Instrukzio auzitegiak tramitera onartu du Hiru euskal garraiolarien sindikatuak Gipuzkoako N-1 eta AP-15 errepideetan kamioilariei bidesaria jarri dieten arduradunei ipinitako salaketa. Bidesari horiek "bertan behera utzi zituzten ebazpenak ez errespetatzeagatik" aurkeztu dute salaketa garraiolariek.
Hiruk ohar batean azaldu duenez, Ana Isabel Perez Asenjo epaileak ikerketa bat eta atariko izapideak jarri ditu abian prebarikaziorik ote dagoen jakiteko. Oraingoz, eta bestelako erabakiak hartu aurretik, Ertzaintzari eskatu dio egiazta dezala ea garraiolariek errepide horietan ordaintzen jarraitzen duten.
Horren harira, sindikatuak gogorarazi du Aldundiak ez diola diru hori jasotzeari uko egin, "Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Auzitegi Gorenaren ez dakigu zein ebazpen argitaratu arte itxaroten ari dela argudiatuta".
Hiruk azaldu du asteazkenean jakin zela aipatu Auzitegiak atzera bota zuela Gipuzkoak aurkeztutako deuseztatze intzidentea ere.