Ekonomia -
KAMIOIEI BIDESARIAK
Gipuzkoako Foru Aldundiak ez die behin-behinean bidesaririk kobratuko kamioiei
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean sartuko da indarrean neurria. Hala ere, urte amaieran berriro itzuliko dira N-1 eta A-15eko ordainsariak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak ez die bidesaririk kobratuko N-1 eta A-15 errepideetatik igarotzen diren kamioiei. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean garraiolariek ez dute ordaindu beharko. Hala ere, urte amaiera aldera, Diputazioak foru arau berria (hirugarrena) onartzen duenean, berriro itzuliko dira ordainsariak. Kamioilarien iritziz, ez da nahikoa, eta sistema atzera botatzea eta 2018tik "bidegabe" ordaindutakoa itzultzeko eskatu dute.
Hiru garraiolarien sindikatuak ohar baten bidez esandakoaren arabera, "bidegabea" eta "diskriminatzailea" da garraiolariei soilik ordainaraztea. Salatu duenez, dirua bildu beste asmorik ez du Administrazioak, eta errepideak herritar guztien zergekin ordaindu beharko liratekeela gaineratu du.
Bizkaiko Foru Aldundiak, bere aldetik, 2022ko udazkenetik aurrera kamioiei bidesaria ezarriko diela iragarri du aste honetan. Diputazioak emandako arrazoiak aitzakia hutsa direla kritikatu du garraiolarien sindikatuak. Hiruren esanetan, benetako helburua errepide horietako desorekak, istripuak eta CO2 emisioak murriztea baldin bada, kamioiei autobideetako bidesaria ken diezaietela.