Ekonomia -
Lan-gatazka
ELAk eta enpresak H&Mn Hego Euskal Herrian kaleratzerik ez izatea adostu dute
Hala, sindikatuak konpromisoa hartu du langileek apirilaren 22tik egin duten greba bertan behera uzteko.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
ELA sindikatuak akordioa itxi du H&M suediar enpresarekin astearte honetan, eta, ondorioz, ehungintzan dabilen multinazionalak ez du kaleratzerik gauzatuko Hego Euskal Herrian dituen dendetan; sindikatuak, hala, konpromisoa hartu du langileek apirilaren 22tik egin duten greba bertan behera uzteko.
ELAk iragarritako akordioaren arabera, enpresak ez ditu kaleratuko astean 30 ordutik gorako kontratuak izan eta kontziliazio-eskubidea erabiltzen duten langileak; gainera, EAEko eta Nafarroako bere zentroetan egiteko asmoa zuen kaleratzeak eta lan-aldaketa nabarmenak bertan behera utzi ditu H&Mk.
Sindikatuaren esanetan, CC. OO. eta UGT sindikatuek, hau da, Estatu mailan gehiengoa duten sindikatuek, adostu zituzten kaleratzeak enpresarekin.
Langileak zoriondu ditu ELAk
ELAk langileak zoriondu ditu, "enplegua eta lan-baldintzak babestea helburu, H&M enpresa suediarraren aurrean egindako borrokagatik"; izan ere, ehungintzako enpresek, sindikatuaren iritziz, "mozkina maximizatzea du xede, bai eta Internet bidezko salmenta bultzatzea ere". Estrategia hori lanpostu asko ari da suntsitzen, dio ELAk.
Enpresak berak argitaratutako datuei erreparatuta, H&Mk, 2019an, 21 988 milioi euro fakturatu zituen, eta 1270 milioi euroko mozkina erdietsi zuen, aurreko urtean baino % 6,3 gehiago, ELAk zehaztu duenez.