Ekonomia -

KAMIOIEI BIDESARIAK

Pradales: "Ez da ona kamioiek ibilbide luzeagoa egitea bidesaria ez ordaintzeko"

Bizkaiko foru diputatuaren esanetan, kamioiei bidesaria jartzearen helburua ez da diru gehiago biltzea. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, istripuak eta kutsadura % 10 bueltan murriztuko dira.

Imanol Pradales
Imanol Pradales
''Kamioiak autopistetatik joatea nahi dugu; onurak ekarriko dizkio gure lurraldeari''

11:11

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak ordainsaria ezarriko die 3,5 tona baino gehiagoko kamioiei lurraldeko bost errepide nagusi erabiltzearren. Bidesariak 2022ko udazkenean sartuko dira indarrean, eta, Aldundiaren arabera, helburua ibilgailu astunak bigarren mailako errepideetatik ateratzea eta autobideetara eramatea da. Garraiolariek, ostera, neurria diskriminatzailea dela eta dirua bildu beste helbururik ez duela krikatu dute.

ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan, Bizkaiko bost errepidetan (Barazarko mendatea, BI-625 errepidea, Kanpanzar, A-8 autobidea eta N-637 Txorierriko igarobidea) bidesarien sistema jartzea babestu du Imanol Padrales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak. Guztira, 30 arku jartzea aurreikusi dute.

Imanol Pradalesen hitzetan, helburua ez da dirua biltzea, ibilgailu astunak bigarren mailako errepideetatik atera eta autobideetara bideratzea baizik. Bizkaiko foru gobernuko ordezkariaren iritziz, "bigarren errepidea eta autobidea prezio berean badaude, kamioiek autobidea aukeratuko dute".

Bidesarien sistema defendatzeko, Gipuzkoa eta Nafarroa jarri ditu adibide gisa. Gipuzkoan dagoeneko indarrean dagoen sistema da, eta datorren urtetik aurrera izango da martxan Nafarroan. Europak ere bidesariak babesten dituela esan du, eta sistemari berme juridikoa ematerakoan Gipuzkoako aurrekaria kontuan hartuko dutela gaineratu du.

Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuaren hitzetan, bidesari berri horiei esker kamioiek ibilbide luzeagoak egitea saihestuko da. Imanol Pradalesek emandako datuen arabera, gaur egun, Altubetik edo Barazartik Bilboko Portura joaten diren kamioiek 40 kilometro gehiago egiten dituzte bidesaria ez ordaintzearren. Kamioiak bigarren mailako errepideetatik aterata, istripuak eta CO2 isuriak % 10 eta % 12,8 murriztea aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Bildutako dirua aipaturiko bost errepide horiek mantentzeko eta hobetzeko erabiliko dela azaldu du foru diputatuak.

Dena dela, Imanol Pradalesek azpimarratu du ez dela bidesarien sistema berehala martxan jarriko. Horren esanetan, orain sei hilabeteko tramitazioa hasiko dute Batzar Nagusietan, eta 2022ko udazkenetik aurrera aplikatuko da, modu progresiboan. Elkarrizketa amaitu aurretik, elkarlanerako deia egin die garraiolariei adostasunak topatzeko: "Denbora daukagu gauzak patxadaz aztertzeko".

Garraiolariek bidesarien sistema berria kritikatu dute, diskriminatzailea dela eta dirua bildu beste helbururik ez duela iritzita. Jon Altuna Hiru sindikatuko ordezkariak kudeaketa txarra egotzi dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Sindikatuko kidearen iritziz, ordainpeko errepideetatik inor ez dabilelako hartu dute erabakia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Gaurko albisteak Bizkaia EAE Ekonomia Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa A-8 Autobidea AP-68 autobidea Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa Kamioientzako bidesariak