Ekonomia -
Arrantzaldiaren hasiera
Aurreneko hegaluzeak gaur porturatuko dituzte, baina kopuru handirik ez
Kanpainaren hasierak "ez du arrantzaleek espero zuten erritmorik izan", Kofradia Itsas Etxeak jakitera eman duenez.
EITB Media | Agentziak
Arrantzaldiko lehen hegaluzeak astelehenean helduko dira euskal portuetara, baina ez da kopuru handirik espero enkanteetan; izan ere, kanpainaren hasierak "ez du arrantzaleek espero zuten erritmorik izan", Kofradia Itsas Etxeak azaldu duenez.
Baxurako arrantza sustatzeko zentroak jakitera eman duenez, Gure Ama Martina eta Gaztelugatxeko Doniene ontziek, hurrenez hurren, Hondarribian eta Pasaian (Gipuzkoa) egingo dituzte lehenengo deskargak.
Deskargatu ondoren, bi ontziak berriro itsasoratuko dira, hegaluze gehiagoren bila, euskal flotarekin batera.
Eusko Label marka eta MSC jasangarritasun ziurtagiria
Astelehen honetan helduko diren hegaluzeak aurten Eusko Label marka eramango duten lehenak izango dira, baxurako euskal ontziek arrantzatutakoak direla bermatzeko. Gainera, MSC jasangarritasun ziurtagiriarekin Euskadin salduko diren aurrenekoak izango dira.
Karnata biziarekin arrantzatzen duten ontzi gehienek kazako flotarekin bat egingo dute astelehenetik aurrera. Antxoaren kanpaina bukatu ondoren, hegaluzea kanaberaz arrantzatzeko prestatzen izan dira.
Horrela, itsasbazterreko arrantza-ontzi gehienak hegaluzea harrapatzen izango dira datorren asteotan.