Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
EAJk eta PSE-EEk uko egin diote aholkularien kartela salatzeari eta ikertzeari
PP+Cs-en eta Elkarrekin Podemos-IUren ekimen bat zen, EH Bilduk eta Voxek babestu dutena, baina Eusko Jaurlaritzako alderdiek uste dute ez dagoela horretarako "oinarririk".
agentziak | eitb media
EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute Eusko Legebiltzarrean PP+Cs-ek eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztu eta EH Bilduk eta Voxek aurkeztu duten ekimen bat, kontratu publikoak modu irregularrean lortzeko kartel bat osatzea leporatu dieten aholkularitza enpresei Eusko Jaurlaritzak salaketa jartzea eta ikertzea eskatzen zuena. Jeltzaleek eta sozialistek argudiatu dute ez dagoela salaketa jartzeko "oinarririk", Merkatuaren eta Lehiakortasunaren Batzorde Nazionalaren ebazpenaren aurka helegitea jartzeko aukera dagoelako.
Eusko Legebiltzarrak kontsultari kartel horren inguruko eztabaida egin du gaur, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs-ek sustatuta. Merkatuaren eta Lehiakortasunaren Batzorde Nazionalaren arabera, Estatuko administrazioen kontratu publikoak, tartean Jaurlaritzarenak, modu irregularrean eskuratzeko kartel bat osatu zuten. Hori horrela, 6,3 milioi euroko isuna ezarri zieten 22 enpresari eta 12 zuzendariri.
Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs-ek zuzenketa bat adostu dute praktika horiengatik "kezka handia" agertzeko, eta "euskal administrazio publikoek, nahita edo egiten uzteagatik, irregulartasunak" egin ote dituzten "argitzea" eskatzeko.
Testuak EH Bilduren eta Voxen babesa jaso du, baina atzera bota dute EAJren eta PSE-EEren gehiengo osoak kontra bozkatu duelako.
Ikerketa eta salaketa
Zuzenketa horretan Eusko Jaurlaritzari eskatu diote EAEko administrazio publikoek 2009 eta 2018 artean kartel horretako enpresekin egin dituzten kontratuen ikerketa "independentea" egitea.
Era berean, enpresa horiek salatzea eskatu dute, Batzordeak atzemandako "kartel jarduera larrien kaltetu gisa".
David Soto Elkarrekin Podemos-IUen legebiltzarkideak azpimarratu du Batzordeak euskal administrazioen irregulartasunik aipatu ez badu ere, "egiturazko onespen zantzuak" atzeman dituela esleipen prozesuetan enpresa horiei "informazioa aurreratzen", besteak beste.
Luis Gordillo PP+Cs-en legebiltzarkideak, herritarren interesak defendatu beharrean, "enpresen abokatu izateaz arduratzea" egotzi die EAJri eta PSE-EEri.
EH Bildutik, Josu Estarronak salatu du EAEko zenbait erakundek, tartean EAEko Kontu Publikoen Auzitegiak, EAEko Lehiakortasunaren Agintaritzak eta Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, sinesgarritasuna galdu dutela, batzuk "EAJko burkide ohiek" zuzentzen dituztelako eta zigortutako kontsultarien "praktika okerrak" atzeman ez dituztelako.
Bestalde, Itxaso Berrojalbiz EAJren legebiltzarkideak azpimarratu du Batzordeak ez duela zigortutako enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko "elkar ulertzerik" aurkitu.
Sonia Perez PSE-EEren ordezkariak, berriz, azpimarratu du, izatekotan Eusko Jaurlaritza "biktima" dela.