Ekonomia -
Lan-gatazka
BBVAk azkenean 3.000 langile kaleratzea adostu du sindikatuekin
Horrela, 3.798 langile kaleratu beharrean, 2.935 kaleratzeko proposamena egin du. Hala ere, Espainiako Estatuan dituen langileen % 10 baino gehiago geratuko dira lanik gabe.
agentziak | eitb media
BBVAk akordioa lortu du sindikatuekin azkenean 3.000 langile baino gutxiago kaleratzeko; 2.935 langile kaleratuko ditu, langile guztien % 10 inguru. Hala, hasierako proposamenean jasotakoa baino 863 langile gutxiago kaleratuko ditu, eta bankutik ateratzeko baldintzak hobetu ditu.
Horrela, hasieran BBVAk proposatu zituen 3.798 kaleratzeak barik, 2.935 langile kaleratuko dituzte, Espainiako Estatuan dituen 29.330 langileen % 10, baina kaleratze horien eraginik nabarituko ez dituzten elkarteen langileak kontuan izan ezean, langile guztien % 12,6 kaleratuko dituzte.
Sukurtsal sarean izango dira kaleratze gehien, baina CCOOk espero du "irteteko aukeren zerrenda zabala" ikusita inor ez dela behartuta joango, eta kaleratuko dituzten langileen % 72 baino gehiago 50 urtetik gorakoenak izango direla nabarmendu du.
Banketxearen eta sindikatuen arteko akordioa langileek greba egin eta astebetera iritsi da.
10 urtetik gorako antzinatasuna duten 53 eta 54 urte bitarteko langileei, egungo soldataren % 65eko errenta eta 63 urte bete arte Gizarte Segurantzaren hitzarmen berezia eskaintzen die bankuak, urteko % 3ko balioa handituta, eta langabezia-prestazioa eta subsidioa deskontatuta.
55 eta 62 urte bitartekoei soldataren % 75 eta 63 urte bete arte Gizarte Segurantzaren hitzarmen berezia ordaintzeko prest dago bankua, urteko % 3ko igoerarekin, eta langabezia-prestazioa eta subsidioa deskontuta.
Bestalde, 63 urte edo gehiago dituztenek lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordaina jasotzen jarraituko dute, 12 hilabeteko mugarekin.
Bajen planari heltzen dioten 50 eta 52 urte bitarteko langileen kasuan, kalte-ordaina urteko ordainsari-mailaren % 65ekoa izango da, eta 320.000 euroko mugarekin.
Gainerakoek, hau da, 50 urtetik beherakoek eta 10 urtetik beherako antzinatasuna dutenek, urteko 40 eguneko kalte-ordaina jaso ahalko dute, 30 hileko mugarekin; 2.000 euroko sari bat enpresan emandako 3 urte bakoitzeko, eta beste bat, borondatezkoa, 5.000 eta 30.000 euro artekoa.