Ekonomia -

Manifestazioa

Langile publikoak kaleetara atera dira EAEn, behin-behinekotasuna salatzeko

Ehunka langilek "zerbitzu publikoak suntsitzea" eteteko eskatu die agintariei eta erakundeei.

Manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EFE
Manifestazioa, Bilbon
Manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EFE

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sektore publikoko ehunka langile bildu dira larunbatean EAEko hiru hiriburuetan, 60 0000 lanpostutan sufritzen ari diren "behin-behinekotasunaren gaitza" salatu, eta Eusko Jaurlaritzari lanpostuak sortzeko eta mantentzeko eskatuz.

ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuak Bilbon, Gasteizen eta Donostian manifestatau dira, "Zerbitzu Publikoen alde, enplegu publikoa kontsolidatu!" lelopean.Bilbon, Arriaga Plazatik abiatu da protesta. Bertan, Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusiak, beste sindikatuetako ordezkariekin batera, Euskal Herriko behin-behinekotasun tasa "Estatuko eta Europako altuena" dela salatu du.

ELA sindikatutik, Igor Izagirrek erakundeei eta agintariei eskatu die "zerbitzu publikoak suntsitzea" eteteko, eta "behin-behinekotasuna sufritzen duten 60.000 langileen lanpostuak" bermatzeko.

Egoera "dramatikoa" dela azaldu du Izagirrek; izan ere, Eusko Jaurlaritza "herrialde honetako Aldi Baterako Lan Enpresarik handiena" dela esan du, eta egoera "jasanezina" dela azpimarratu. Ildo beretik, Bizkaiko erresidentzietako langileen egoera salatu du: 130 zahar etxe daude, horietatik dozena bat soilik dira Udalarenak, eta % 75eko behin-behinekotasun tasa dute orotara.

Gainera, sukaldaritzaren eta garbiketaren sektorearen % 90a pribatizatuta dagoela salatu du, "Eusko Jaurlaritzak eta alderdi politikoek egoera aldatzeko asmorik" ez dutela nabarmenduz.

Beste alde batetik, apirileko grebaz aritu da Izagirre, baita Jaurlaritzaren eta Eudelen interes falta deitoratu ere. "Egoera aldatu arte ez dugu etsiko, grebekin eta mobilizazioekin jarraituko dugu. Zerbitzu publikoen alde egin behar dute, lanpostuak sortu eta mantendu", adierazi du ELAren ordezkariak.

Azkenik, Gorka Berasategik, LABeko bozeramalea, salatu du aldi baterako langileek urteak daramatzatela "zerbitzu publikoak aurrera ateratzen", Eusko Jaurlaritzaren irtenbiderik gabe. "Tamalgarria da Exekutiboaren eta Eudelen jarrera", esan du, eta negoziazio mahaietan "berme guztiekin egindako prozesua" ahalbidetuko duen planteamendua falta dela azpimarratuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak ELA LAB Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak CCOO Steilas ESK