Ekonomia -
arabako errioxa
Kazkabarrak eta euriak ehunka hektarea mahasti kaltetu ditu Arabako Errioxan
Urak lur asko eraman du, eta bide eta azpiegiturei eragin die, bai espalderei, bai tantaka ureztatzeko instalazioei, eta uharrak eta behealdeko eremuak urez beteta utzi ditu.
o.p. |eitb media
Azken orduotako euri- eta kazkabar-ekaitzek Arabako Errioxako ehunka hektarea mahasti kaltetu dituzte. Lapuebla, El Campillar, Ekora, Barriobusto, Labraza, Lantziego, Benasperi, Bilar, Oion eta Moreda izan dira kaltetuenak. Teknikariek zehaztu dutenez, datozen egunetan jakingo da zenbat hektarea kaltetu diren, datorren asteko klimatologiaren bilakaeraren arabera.
Ohar batean, Arabako Foru Aldundiak adieraz du Ardoaren Etxeko teknikariak zonaldean izan direla ekaitzek mahastietan izandako kaltea baieztatzeko; izan ere eskualdeko zenbait gunetan, metro koadroko 50 litro prezipitazio ere izan ziren.
Urak lur asko eraman du, eta bide eta azpiegiturei eragin die, bai espalderei, bai tantaka ureztatzeko instalazioei, eta uharrak eta behealdeko eremuak urez beteta utzi ditu. Gainera, kazkabarraren indarrak landaretzarik gabe utzi ditu mahats-orpoak, eta, ondorioz, mahats-mordoak murriztu egin dira.
Hala ere, eta adituen arabera, Arabako Errioxako mahastiaren % 75 aseguratuta dago. Mahastizainek kalteak egiaztatu ondoren, datozen egunetan parteak aurkeztuko dizkiete aseguru-konpainiei, bertan peritatzeak egin ditzaten.
Kaltetutakoei babesa
Eduardo Aguinaco Nekazaritza diputatuarekin batera, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Arabako Errioxa bisitatu du gaur, eta inguruko hainbat mahastizainekin bildu da, euriak eta kazkabarrak uztetan izan dituen kalteen berri emateko.
"Beste behin ere, eguraldi txarrak eguneroko ahalegina minutu gutxi batzuetan saririk gabe geratzen dela ikusten du eskualde honek", azpimarratu du Gonzalezek. Ahaldun nagusiak babesa adierazi die "uzta galdu duten nekazariei, hemendik aurrera are mimo handiagoz lan egin beharko dutenak kaltetutako lurra berreskuratzeko".
Ildo horretan, mahastientzako aseguruak kontratatzearen garrantziaz ohartarazi du "halako kolpeei aurre egiteko baliabide bakarra" baitira.
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuko teknikariak eskualdea bisitatzen ari dira, izandako kalteak ebaluatu eta bideetako azpiegituretan, ibaietako pasabideetan eta uharrietan egin beharreko birjartze eta garbiketa lanak planifikatzeko.
Mahastiaren egoera
Aldundiak azpimarratu duenez, une honetan panpanoen hazkuntza "oso azkarra" gertatzen ari zen, ur asko zegoelako eta tenperatura epelak zeudelako; beraz, mahasti gehienak lore-botoi bereizietan zeuden.
Ekialdeko muturreko eremuetan eta Arabako Errioxaren hegoaldean, loraldia hasten ari zen; ohiko datak baino lehentxeago eta 2020ko kanpainan baino astebete beranduago.
Loraldia amaitzen denean, fruituaren gatzatuarekin, eta egun horietako ekaitzen eraginaren balorazio "zehatzagoa" egiten denean, gehiago zehaztu ahal izango da mahastiek jasandako eragina.
Teknikarien esanetan, osasun egoera ona da oraingoz, eta ez dago izurriterik edo gaixotasunik. Euriteen ondorioz, "normaltasunaren barruan" mildiu orbanen bat agertu da.
Egun hauetan, prebentziozko tratamenduak egiten aritu dira, bai mildiuaren bai oidioaren kontra, gaixotasun horiek garatzea saihesteko.