Ekonomia -

Sestao

Epaileak ez du helegitea onartu, eta Naval VGP belgikarrari ematea berretsi du

Epaileak atzera bota du Marina Meridionalen helegitea. Enkantean galtzaile atera zen enpresetako bat da hori, eta irabazleak ez zuela egitasmo industrialik argudiatu zuen helegitean.

La Naval de Sestao. Foto: EiTB
La Naval de Sestao. Foto: EiTB
La Naval de Sestao. Foto: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Naval ontziolaren likidazioa gidatzen ari den epaileak berretsi egin du lurzorua enkantearen irabazleari, VGP logistika enpresa belgikarrari, ematea.

Logistika konpainia belgikarra izan zen diru eskaintza handiena (36 milioi euro) egin zuena Sestaoko Naval eremu industrialeko 300.000 m²-ak eta itsasertzeko 20.000 m²-ak eskuratzeko. Epaileak VGPri eman zion eremua, eskaintza handiena egin zuelako.

Enkantean parte hartu eta galdu zuenetako batek, Marina Meridionalek, helegitea aurkeztu zuen esleipenaren aurka, eta argudiatu zuen bere eskaintzan egitasmo industriala jaso zuela, VGPrenean ez bezala.

Epaileak atzera bota du helegitea, eta gaur kaleratutako autoan gogorarazi du esleipena lortzeko "irizpide bakarra prezioa" zela. Horregatik, Marina Meridionali aurpegiratu dio "berak aurkeztutakoaren arabera eta gainerako eskaintza ekonomikoak ezagutu ostean berrikusi nahi zuela emaitza, ebaluagarria ez zen eta, ondorioz, gainerako enpresek aurkeztu ez zuten ustezko industria egitasmo baten balorazioa eskatuz".

Epailearen ebazpena irmoa da eta ez dago helegitea aurkezteko aukerarik. Hala, VGP da ontziolaren esleipenaren jabea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak La Naval Enpresaburuak