Ekonomia -

Enplegu publikoa

Lanpostu publikoak egonkortzearen alde, manifestazioak izango dira gaur EAEn

60.000 langile publiko behin-behinean daudela azpimarratuta, ELA, LAB, CCOO, Satse, STEILAS eta ESK sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian.

Zerbitzu publikoen alde, maiatzaren 25ean Gasteizen egindako manifestazioa. Argazkia: EFE
Zerbitzu publikoen alde, maiatzaren 25ean Gasteizen egindako manifestazioa.
Zerbitzu publikoen alde, maiatzaren 25ean Gasteizen egindako manifestazioa. Argazkia: EFE

GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, CCOO, Satse, STEILAS eta ESK sindikatuak sektore publikoan lanpostuak sortzeko eta behin-behinekotasuna amaitzeko aldarrikatuz mobilizazioak egiten ari dira azken hilabeteetan, eta, dinamika horren baitan, manifestazioak deitu dituzte gaurko Bilbon, Donostian eta Gasteizen.  

Martxak 11:30ean abiatuko dira Bilboko Arriagatik, Donostiako Bulebarretik eta Gasteizko Diputazio plazatik.

Sindikatuek azpimarratu dute 60.000 langile daudela aldi baterako kontratuekin Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan, eta langile horien guztien egonkortzerako neurriak har ditzatela eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, erakundeei eta, oro har, alderdi politikoei.

Aldi berean, hainbat protesta egin dituzte, tartean apirilaren 22ko greba orokorra eta maiatzaren 25eko manifestazioa Gasteizen; eta joan den asteartean bilkurak burutu zituzten lantokien aurrean.

Sindikatuek salatu dute ez dutela Eusko Jaurlaritzaren inolako erantzunik jaso eta Eudelek eurekin biltzeari uko egin diola, eta "eskaria udaletxe bakoitzera zuzentzeko planteatu du". Alderdi politiko batzuk, berriz, sindikatuekin batzartzeko prest agertu dira.  

Espainiako eta Europako "behin-behinekotasun maila handiena" EAEko sektore publikoan dagoela ohartarazi dute; izan ere, "% 40tik gorakoa da eremu guztietan".

Egoera horrek "zerbitzu publikoen ahultzea eta langile publikoen prekarizazioa" eragiten duela eta politika horren benetako helburua "azpikontratazioa eta pribatizazioa" bultzatzea dela uste dute.

"Erakunde publikoetako agintariek zerbitzu publikoekin negozioa egiteko erabaki politikoa hartu eta horretara bideratutako neurriak sustatzen dituzte", kritikatu dute ohar batean.

Horrez gain, gaur-gaurkoz, Espainiako Gobernuak nahiz Eusko Jaurlaritzak "errealitate hau aldatzeko pausorik emateko borondaterik ez dute", horien esanetan.

Testuinguru honetan, "bilera eskaerei erantzuten diguten alderdi eta erakunde guztiak bilera formaletan interpelatzeaz gain, mobilizazio bidezko interpelazioarekin jarraitzea ezinbestekotzat jotzen dugu grebara deitu genuen sindikatuok", adierazi dute.

Beraz, gaur, lanpostu publikoak egonkortzearen alde Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatu dituzten manifestazioetan parte hartzeko deia egin diete sindikatuek sektore publikoko langile guztiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Donostia argazkiak Eusko Jaurlaritza ELA albisteak LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Lana albisteak Ekonomia berriak Gaurko titularrak Gasteiz Gaurko azken orduko albistea Azken ordukoa protestak Sindikatuen azken ordukoa Langile Komisioak Steilas azken ordukoa ESK