Ekonomia -
maiatzeko langabezia datuak
7.549 langabe gutxiago izan dira maiatzean Hegoaldean eta denean egin dute behera
EAEn 122.618 langabe zenbatu dira maiatzean, apirilean baino 4.364 (% -3,44) gutxiago; Nafarroan 38.560 dira lan gabe daudenak, apirilean baino 3.185 (% -7,63) gutxiago.
olatz prat | eitb media
Maiatzean behera egin du langabezia tasak Hegoalde osoan eta apirilean baino 7.549 pertsona gutxiago daude lanik gabe.
EAEn 122.618 langabe zenbatu dira maiatzean, aurreko hilean baino 4.364 gutxiago (% -3,44) eta Nafarroan beherakada are nabarmenagoa izan da, % 7,63koa, eta gaur hilaren amaieran 38.560 langabe zenbatu dira, apirilean baino 3.185 pertsona langabe gutxiago.
Asteazken honetan Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak emandako datuen arabera, EAEn 2020ko maiatzean baino 19.097 pertsona langabe gutxiago daude, hau da, orduko 141.715 baino % 13,48 gutxiago. Hala ere, langabe kopurua (122.618) Covid-19aren pandemia hasi aurrekoa baino altuagoa da, 2020ko otsailean 117.239 langabe baitzeuden.
Urtarrilean aurreko hilean baino 1.490 pertsona gehiago bazeuden ere langabezian ( % 1,15), otsailean 1.702 gutxiago ( % -1,30) ziren langabeak, eta martxoan 993 gehiago izan baziren ere, apirilean 3.039 gutxiago izan ziren eta maiatzean 4.364 gutxiago.
Lurraldeka, langabeziak Araban egin du behera gehien (-% 4,71), 1.018 langabe gutxiago zenbatu baitituzte eta guztira, 20.615 langabe daude bertan; Gipuzkoan, maiatzean, 32.581 pertsona zeuden izena emanda Lanbiden, apirilean baino 1129 gutxiago (-% 3,35); eta Bizkaian 2217 langabe gutxiago (-% 3,09), 69.422 pertsona daude halere langabezian Bizkaian.
2020ko maiatzarekin alderatuta, Gipuzkoan % 14,97ko jaitsiera izan da, eta iaz baino 5.736 langabe gutxiago daude; Araban urte-arteko jaitsiera % 13,32koa izan da (-3.167) eta Bizkaian iaz baino 10.194 langabe gutxiago (- % 12,80) daude.
Euskadin langabezian dauden 25 urtetik beherako pertsonen kopurua 10.017 da, hau da, apirilean baino 870 pertsona gutxiago.
Maiatzean lana bilatu duten 4.364 pertsonetatik 2.921 zerbitzuen sektorekoak dira, 550 industriakoak, 456 aurreko enplegurik gabeko segmentukoak, 222 nekazaritzakoak eta 214 eraikuntzakoak.
Langabezia gehiago jaitsi da emakumeen artean, 2.210 emakume langabe gutxiago dago eta 2.194 gizon langabe gutxiago, halere 68.386 dira langabezian dauden emakumeak eta 54.232 gizonezkoak.
Idoia Mendia lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak uste du maiatzean Euskadin izandako langabeziaren datuak "itxaropenerako arrazoi" direla eta "bide egokian" doazela erakusten dutela.
Hala ere, Mendiak gogorarazi duenez, "gaur ere 122.618 pertsonek lan bila jarraitzen dute", eta kontratu gehienak aldi baterakoak edo lanaldi partzialekoak izaten jarraitzen dutela azpimarratu du; hori dela eta, "gure indarrak kontratuak egonkorrak izan daitezen eta sortzen den enpleguaren kalitatea bermatzeko ahaleginean jartzea da izan behar da lehentasuna".
Oso datu onak Nafarroan
Nafarroan izan da estatu osotik langabeziaren bigarren jaitsierarik handiena, % 7, 63 jaitsi baita. 3.185 lagunek aurkitu dute lana maiatzean, baina oraindik 38.560 pertsona lan bila ari dira Foru Erkidegoan.
2020ko maiatzari dagokionez, 2.577 pertsona gutxiago daude lanik gabe (duela urtebete 41.137 pertsona langabe zeuden). Nafarroan, langabezia nabarmenagoa da emakumeen artean (22.890) gizonen artean baino (15.679). Desoreka hori mantentzen da, gainera, maiatzean lana aurkitu duten pertsonei dagokienez, hilabete horretan enplegatutako 3.185 pertsonetatik 1.639 gizonak baitira eta 1.545 emakumeak.
25 urtetik beherako 906 herritarrek lortu dute lana maiatzean, baina oraindik ere 25 urtetik beherako 4.175 pertsona daude Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa erregistratuta.
Foru Erkidegoko langabeziak behera egin du sektore guztietan apirilean: 1.889 pertsonak aurkitu dute lana zerbitzuen sektorean, 473 industrian, 280 nekazaritzan eta 165 eraikuntzan. Gainera, aurretik lanik ez zuten 381 pertsonek lortu dute lana maiatzean.
UGT sindikatuaren ustez, maiatzean Nafarroan izandako langabeziaren "jaitsiera handiak" erakusten du "hazkunde ekonomikoaren ziklo berri baten hasiera" izan daitekeela, pandemiak eragindako krisiaren ostean.
Hori dela eta, beherakada hau "sortzen ari den enpleguari kalitatea emateko eta lan-merkatuaren prekarietate handia ezabatzeko" aprobetxatzearen aldeko apustua egin du, izan ere, biak "fase hedakor berri honi eusteko eta jarraipena emateko beharrezko baldintzak" direla uste du.
Langabeziaren beherakadari UGT sindikatuak Gizarte Segurantzan duen afiliazioa gehitu dio: 2.646 afiliatu gehiago daude Nafarroan hilabete batean, eta duela urtebete baino 9.342 gehiago, "datu positibo eta esanguratsuak" biak ala biak.
Estatu mailan ere hobera doaz datuak
Estatuan, Enplegu Erregistro Publikoetan (SEPE) izena emandako langabeen kopuruak 129.378 pertsonetan egin du behera maiatzean, eta langabeen kopurua 3.781.250ekoa izan da, 1996an hasitako serie historikoan erregistratutako jaitsierarik handiena.
Hala ere, maiatzeko langabezia-datuak, aurreko hilabeteetan gertatu zen bezala, ez ditu barne hartzen aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten (ERTE) ondorioz enplegu-etenaldian edo ordu-murrizketan dauden langileak, erregistratutako langabeziaren definizioak ez baititu langabe gisa zenbatzen. Estatu osoan, 542.142 langile dira egoera honetan daudenak, apirilean baino 95 439 gutxiago.
Duela urtebeteko datuekin alderatuta, eta 2020ko maiatzean pandemiak enpleguan izan zuen eragin handia kontuan hartuta, lan-merkatuak 711.092 afiliatu berreskuratu ditu, eta langabezia 76.526 pertsonatan murriztu da.
Sindikatuen erantzuna
Sindikatuek lan merkatuaren prekarietatea salatu dute, langabeziak behera egin duen arren, eta pandemiak eragindako krisiaren ondoren ekonomia suspertzen denean kalitatezko enplegua berreskuratzea eskatu dute.
"Langabe kopuruak behera egin duen arren, prekarietatea da nagusi", adierazi du ELA sindikatuak, maiatzean egin diren kontratuen % 90 aldi baterako izan direla jakinarazi aurretik.
LAB sindikatuak ere gogorarazi du, langabeziaren murrizketa gorabehera, prekarietate eta langabezia tasek "oso altuak" izaten jarraitzen dutela.
Bestalde, CCOOk txalotu egin du enpleguaren hobekuntza, eta esan du emakumeetan "pixka bat" hobea izan dela joera, nahiz eta urte arteko alderaketa eginez gero, "datua okerragoa den, emakumeak baitira langabeen % 55,7".
Azkenik, UGTk azpimarratu du datuak agerian uzten duela "euskal ekonomia berpizten" ari dela, eta kalitatezko lanpostuak sortzeko aprobetxatzea eskatu du.