Ekonomia -
Lan-gatazka
Greba mugagabea Tubacexeko lantegien kalterako dela esan du zuzendaritzak
Enpresak egindako azken proposamena atzera botata, langile-batzordeak greba mugagabeari eustea erabaki du, kaleratzeak salatzeko.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Tubacex taldearen zuzendaritzak esan du langileak egiten ari diren greba mugagabea Laudioko eta Amurrioko lantegiak martxan mantentzeko oztopo dela, enpresaren "irudiari kalte" egiten diolako eta merkatuaren egoera "ahula" delako.
Zuzendaritzak egindako lan-erregulazio espedientearen ondotik 129 behargin kaleratu dituzte Laudioko eta Amurrioko fabriketan, eta lantaldea greba mugagabea egiten ari da ordutik. Dagoeneko 111. lanuzte eguna dute.
Maiatzaren 18an, enpresak proposamen bat egin zuen lantegi horietan enplegua mantentzeko, baina baldintza jarri zuen greba bertan behera uztea eta aste honetan lanera bueltatzea. Halaber, eskaintzak "iraungitze-data" zuela azpimarratu zuen.
Langile-batzordeak ez zuen proposamena onartu, "xantaia" zela iritzita.
EFE agentziak zabaldu duenez, zuzendaritzak oharra bidali die langileei, grebak "ondorio atzeraezinak" izan ditzakeela ohartarazteko, "besteak beste, orain ditugun eskari apurrak epe laburrean desagertzea eragingo duelako".
Lanuzteak "bezero garrantzitsuak galtzea" eragin duela eta agindutakoa ez betetzeagatik "zigorrak" ordaindu behar izan dituztela azpimarratu du enpresak, eta erantsi du testuinguru horretan "ezinezkoa" dela bezero berriak lortzea.
Horrez gain, gatazka honetan erabakiak beharginen iritzia jakin gabe hartzen ari direla aurpegiratu dio langile-batzordeari.
Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia kezkatuta agertu da Tubacexeko lan-gatazka dela eta. "Langile-batzordearen eta zuzendaritzaren arteko desadostasunak txarrak dira enpresarentzat eta Aiarako eskualdearentzat", adierazi du.
Edonola ere, "uste dut egoera bideratuko dutela eta Tubacexeko langileen eta haien senideen onerako akordio bat lortzeko gai izango direla". "Oraindik garaiz daude horretarako", erantsi du.