Ekonomia -
2030 Enplegu Estrategia
Mendiak trantsizio digitalaren alde egin du: "Enplegu batzuk desagertuko dira"
Lan eta Enplegu sailburuak ohartarazi duenez, "formakuntza" ezinbestekoa izango da "desberdintasun arrakala berri" bat sor ez dadin, alegia, arrakala digitala.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak ohartarazi duenez, trantsizio digitala "azkartu" beharra dago, izan ere, "nahi ala nahi ez, gaur egun ezagutzen ditugun enplegu batzuk desagertuko dira", batez ere administrazio eta kudeaketa alorrean. Horren ildoan, "kalitatezkoa, berdinzalea eta inklusiboa den enplegu itun bat" adosteko deia egin dio oposizioari.
Mendia "Enpleguaren Euskal Estrategia 2030" aurkezten ari da gaur Eusko Legebiltzarreko Lan eta Enplegu Batzordean. Estrategia apirilaren 13an onartu zuen Jaurlaritzak. Bederatzi urteotarako hainbat helburu ezarri ditu estrategiak, hala nola, 2024rako langabezia tasa %10etik jaistea edota enplegu politika aktiboetarako eskubide subjektiboa aitortzea.
Estrategia defendatzeko bere tartean, lan merkatua nola aldatuko den azpimarratu du: "Etorkizun hurbil batean, digitalizazioa tarteko, ezagutzen ditugun enplegu batzuk desagertuko dira. Lorpena izango da makinak lanik nekezenak egitea, baina kudeaketa eta administrazio enplegu askori ere eragingo die eta hori nahi ala nahi ez gertatuko da".
Horren aurrean, "egoera deitoratu" beharrean, "inongo balio erantsirik ez duten funtzio horien azpian ezkutatuta geratu den talentu guzti hori askatzeko aukera berri" gisa hartu behar da.
Enplegu berri hori kalitatezkoa izateko, "ez da nahikoa izango soldata duintasuna eta lan eskubideak bermatzea". Horren harira, "formakuntza ezinbestekoa" izango dela nabarmen du. "Teknologia berriak informazio, ezagutza eta baliabide asko lortzeko nahitaezko giltza dira baina trebezia digitala behar da horretarako", gaineratu du.
Desberdintasun arrakala berri bat: Arrakala digitala
Mendiak ohartarazi duenez, "euren bizitza guztian formakuntza etengabeko hori jasotzen ez dutenek desberdintasun arrakala baten biktima izango dira: arrakala digitalarena, eta hori saihesteko bitartekoak jarri beharko ditugu administraziook eta enpresek".
Sailburuaren esanetan, bestalde, ingurumaria horretan "ezohiko enpleguak" sortuko dira, eta lanaldi osorako lanpostu mugagabeak "protagonista izateari" utziko diote. Horren aurrean, Mendiak azaldu du "proiektu eta lanpostu kolaboratibo" asko sortuko direla eta zenbaitetan, "babesgabetasun egoerak" sor daitezkeela, eta horiek guztiak saihesteko "eta lan eskubideak bermatzeko" arautegia beharko dela.
"Langileen Estatutu berri bat behar dugu lan mundu berri horretan bermeak emateko, bai langileei zein enplegatzaileei", azpimarratu du bigarren lehendakariorde ere badenak. Aitortu duenez, EAEk ez du horretarako eskuduntzarik, baina erantsi du EAEko diputatuek "asko" dutela esateko Espainiako Kongresuan.