Ekonomia -

LAN ISTRIPUAK

% 11,5 hazi dira lan istripuak EAEn apirilera arte

Zerbitzuen sektorean gertatu dira istripu gehien (5.692)eta Industrian (3.280), Eraikuntzan (1.241) nahiz Nekazaritza, Abeltzantza eta Arrantzan ondoren (181 baja).

Maiatzaren 13an Basaurin hil zen langile bat. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Maiatzaren 13an Basaurin hil zen langile bat. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Maiatzaren 13an Basaurin hil zen langile bat. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baja laborala eragin duten 12.099 lan istripu gertatu dira 2021eko urtarriletik apirilera Euskal Autonomia Erkidegoan, iaz epe berean baino 1.249 gehiago. Beraz, % 11,5 igo dira istripuak urte batetik bestera. Hori bai, kontuan izan behar da iaz, martxoaren 15ean, konfinamendua ezarri zela eta jarduera ekonomikoa minimora jaitsi zela kontatu den tarte honetako azken hamabostaldian.

Lantokian bertan zein 'in itinere', hau da, joan-etorrian gertatu diren istripuak kontatzen dira zifra horietan, baita birgaixotze edo aurrez langileak pairatutako gaixotasun edo kalte baten itzulera ere. Lanpostuan 10.394 (+13,4%) istripu gertatu dira urtarriletik apirilera bitartean eta 1.164 (-0,9%) 'in itinere', Osalanek emandako datuen arabera.

Lanaldiko istripu guztietatik, 10.331 arinak izan ziren (+% 13,5), 53 larriak (-% 11,7) eta 10 hilgarriak (2020an baino bat gehiago). 'In itinere' gertatutako ezbehar arinak 1.156 izan ziren (-% 0,9), larriak sei (2020an zazpi) eta hildakoak bi (aurreko urteko kopuru bera).

Ezbehar gehien izan zituen sektorea Zerbitzuena izan zen (5.692 istripu), ondoren Industria (3.280 ezbehar), Eraikuntza (1.241 istripu) eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza (181 baja).

Portzentajeak begiratuta, mila langileko baja gehien izan zuten sektoreak ondorengoak izan ziren: Eraikuntza (22,2 baja mila langileko), Industria (20,2 baja), Lehen Sektorea (19,8 baj) eta Zerbitzuak (8,2 baja mila langileko).

Gaixotasun profesionalak

Bestalde, laneko baja eragin zuten 512 gaixotasun profesional berri zenbatu ziren EAEn urteko lehen lauhilekoan, hau da, % 0,4ko igoera 2020an zenbatutakoekin alderatuta.

Baja eragin ez zuten gaixotasun profesionalen kasuak, berriz, 519 izan ziren; aurreko urtean 446. Hortaz, % 16,4ko igoera izan da hemen ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak