Ekonomia -
Gipuzkoa
Azpeitiko EAJk publiko egin ditu Corrugadosi buruzko dokumentuak
Herritarrek lantegia berriro martxan jartzea "posible" dela ikus dezaten egin omen du, "gardentasun osoz".
agentziak | eitb media
Azpeitiko (Gipuzkoa) EAJk Corrugadosen irekierari buruzko zenbait dokumentu argitaratu ditu gaur, herritarrek lantegia berriro martxan jartzea "posible" dela ikus dezaten, "gardentasun osoz", ohar batean jakinarazi duenez.
Alderdiak azaldu du dokumentu horiek guztiak, CL Taldearen Negozio Plana barne, Udalari helarazi zizkiotela udal osoko bilkurako aktan jasotzeko, eta orain eskuragarri daudela.
EAJren arabera, "Corrugadosen aferan puntu honetara iritsita, nahitaezkoa da azpeitiarren esku uztea proiektuari buruzko dokumentazio guztia".
"Dokumentuek agerian uzten dute gure ekarpenek txosten sendoak dituztela oinarri", eta "badagoela proiektua", jeltzaleen esanetan.
Gainera, horien arabera, "egiaztatuta geratu da enpresak lantegia irekitzeko asmoa helarazi ziola Udalari, eta enpresa plana eman ziola".
Dokumentu horien artean dago negozio plana, EAJk dioenez "CL Taldeak Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari eta Azpeitiko udalari otsailaren 18an eskura emandakoa".
Inbertsio (50 milioi euro), enplegu (270 lanpostu) eta ekoizpen (500.000 tona 2023an) aurreikuspenak jasotzen dira bertan.
Gainera, otsailaren 17an CL taldeak Nagore Alkorta alkateari (EH Bildu) igorritako gutun bat ere badago dokumentuen artean, eta bertan agertzen da siderurgia berriro irekitzeko asmoa eta Cuatrecasasen txosten juridikoa.
Ioanes Labayen eta Javier Diazek sinatutako txosten horrek (argitaratutakoen artean dago) dio hiri-antolaketa plan orokorraren barruan sartuko litzatekeela lantegiaren irekiera.
Azpeitiko Udalak egindako txosten juridikoa ere jaso dute. Nagore Alkortak horri eusten dio Corrugados egungo lekuan irekitzea legez kanpokoa dela esateko, eremu hori etxebizitzetarako bideratu baitzuten udal araudian.
Azkenik, enpresaren talde juridikoak aurreko erabaki horri emandako erantzuna ere zabaldu du EAJk, eta bertan, abokatuek diote ez dutela jarduera leku berean egitea "galarazten duen arrazoirik atzematen".