Ekonomia -

AZPEITIA

EH Bilduk esan du Tapiak onartu duela Corrugadosen inguruko "planik" ez dagoela

Koalizio abertzaleak jendaurrean esateko "ausardia" izatea edo, bestela, dokumentazioa aurkeztea eskatu dio sailburuari.

Kamerari bat Corrugadosen instalazioak kanpotik grabatzen. Argazkia: EFE.
Kamerari bat Corrugadosen instalazioak kanpotik grabatzen
Kamerari bat Corrugadosen instalazioak kanpotik grabatzen. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak Nagore Alkorta Azpeitiko alkateari "hitzez hitz" esan dio Corrugados enpresa Azpeitian berriz irekitzeko "plan industrialik" ez dagoela, eta, beraz, Azpeitiko Udaleko arduradun nagusiari "pribatuan" helarazi diona jendaurrean "aitortzeko ausardia izatea" eskatu dio.

Casanovak, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean, iragarri du EH Bilduk bi ekimen erregistratu dituela Eusko Legebiltzarrean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta horietan eskatu duela Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak eman eta argitara dezatela Corrugados Azpeitia lantegia berriro irekitzeko CL Taldearen ustezko proiektuari buruz duten "informazio guztia".

"Behin eta berriz esan du sailburuak proiektu serio bat zegoela", adierazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, baina, hala ere, esan du termino juridiko, ekonomiko eta politikoetan ez dagoela "seriotzat" jo daitekeen proiekturik.

Hori horrela izateko, "bideragarritasun plan ekonomiko bat" egon beharko litzatekeela gaineratu du. Casanovak adierazi duenez, dokumentu horiek benetan existitzen badira eta Eusko Jaurlaritzak bere esku baditu, Jaurlaritzak "edozein unetan" publiko egiteko prest egon beharko luke. "Gaur bertan egiteko eskatzen diogu", esan du.

Jaurlaritzak dokumentaziorik ez badu, EH Bilduko ordezkariak uste du "kea saltzen ari den gobernu baten aurrean" egongo ginatekeela, Corrugados berriro irekitzeko proiektuari dagokionez.

Halaber, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea Gipuzkoako Batzar Nagusietan agertzea eskatu du EH Bilduk, Corrugadosekin gertatutakoa azaltzeko; izan ere, "gezurretan eta deskalifikazioetan oinarrituta egin behar ez den politikaren eredu" bihurtu da.

Juan Karlos Izagirre alderdi horrek Batzar Nagusietan duen bozeramaileak ohar baten bidez azaldu duenez, "politikan ez du denak balio".

Bestalde, Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak "premiazko" jo du Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren arteko "aliantza instituzionala", Cristian Lay Taldeak Corrugados ireki dezan.

Anduezak ohar bat kaleratu du, eta "esfortzu instituzional handiagoa" eskatu du siderurgia martxan jartzeko; izan ere, uste du badagoela negoziazioei berriro ekiteko "tartea", enpresak lantegia irekitzeko borondateari eusten diolako.

Juan Carlos Cano PPren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak esan du "porrota" izango litzatekeela euskal erakundeek, Jaurlaritzak eta Aldundiak, EAJren eta PSEren mende daudenak, ez izatea "Corrugadosen proiektua bideratzeko eta irtenbidea emateko gai".

Canok azpimarratu du ezin dela ulertu "tamaina horretako proiektu bati ihes egiten uztea, are gutxiago egungo egoeran", "koronabirusak ekarritako krisi ekonomikoa" dela eta.

LABek, berriz, azaldu du ez duela "ia" adierazpenik egin Corrugados Azpeitiaren inguruan, ez duelako "inolako informaziorik jaso", eta "gatazka alderdikoiak baztertu eta ustez aurkeztu duten proiektua mahai gainean jartzeko" eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Azpeitia Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Industria