Ekonomia -
AZPEITIA
Nagore Alkorta: "Udalak ez du jaso Corrugados irekitzeko proiektu ekonomikorik"
Azpeitiko alkateak gutun irekia zabaldu du sare sozialetan eta ziurtatu du "ofizialki abian egon den prozedura bakarra Corrugadosen desmantelamentuarena" izan dela.
O. A. | EITB MEDIA
Corrugados auzian, Cristian Lay Taldeak EITBri eskainitako elkarrizketan adierazi du proiektu "sendoa" aurkeztu zuela "8 hilabeteko epean irekitzeko". Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, ordea, zin egiten du "Azpeitiko Udalak ez duela Corrugados irekitzeko proiektu ekonomikorik, ez dagoela jarduera hori abiarazteko administrazio prozedurarik martxan".
"Nire loari ez dizkio orduak kentzen egia esateak" izenburupean, gutun irekia zabaldu du Azpeitiko alkateak sare sozialetan. Bertan dioenaren arabera, Azpeitiko Udalak ez du jaso inolako proiektu ekonomikorik eta ez dago Corrugados berriro zabaltzeko prozedura administratiborik martxan.
"Denborak bakoitza bere lekuan" jartzen duela azpimarratu ostean, "ofizialki abian egon den prozedura bakarra Corrugadosen desmantelamentuarena" izan dela gehitu du.
Nagore Alkortaren esanetan, bere loari ez dizkio orduak kentzen egia esateak. "Beste batzuk, publikoki, proiektua badagoela esaten entzuten ditudanean, pentsatzen dut, ea horiek lorik egiten ote duten", galdetu du.
Halaber, bere buruari galdetzen dio "ea zerk bultzatu ote dituen publikoki gai hau modu horretan nahastera" eta zerk bultzatu ote dituen "proiektu ekonomikorik gabe, lantegia martxan jartzeko prozedura hasi ere egin gabe, enpresari baten kontakizun edo ahozko kontsulta soil batetik, ehunka lanpostu sortzeko 'aukera paregabeaz' hitz egitera".
Bestalde, zailtasun ekonomikoak pasatzen ari direnez, langabezian edo lan baldintza txarretan lanean ari direnez gogoratu da.
Azkenik, uko egin dio "deskalifikazioei" erantzuteari. Edonola ere, prest agertu da "baldintza berdinetan eta errespetuz, publikoki, edonorekin eztabaidatzeko".