Ekonomia -

Azpeitia

CL Taldeak ziurtatu du proiektu "sendoa" aurkeztu zuela Corrugados irekitzeko

Miguel Angel Lealek adierazi du taldeak aurrez aurreko bi batzar egin zituela gutxienez, eta zenbait idatzi formal bidali zituela "lantegia 8 hilabeteko epean irekitzeko".

Azpeitiko Corrugadosen lantegia. Argazkia: EiTB
Azpeitiko Corrugadosen lantegia. Argazkia: EiTB
CL Taldeak ziurtatu du proiektu ''sendoa'' aurkeztu zuela Corrugados irekitzeko

1:31

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristian Lay Taldeak EITBn egindako elkarrizketa batean ziurtatu du enpresak proiektu "sendoa" aurkeztu ziela Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Azpeitiko Udalari.

Miguel Angel Leal CL Taldearen zuzendariak adierazi du taldeak aurrez aurreko bi batzar egin zituela gutxienez, eta zenbait idatzi formal bidali zituela. tartean "lantegia 8 hilabeteko epean irekitzeko" aukera jasotzen zuena.

Lealen arabera, 2020ko irailean hasi ziren aukera hori aztertzen, eta "guztiak ireki zitekeela iradokitzen zuela" ikusita, taldeak negozio plan bat egin zuen eta gainbegiratu egin zuen 8 urte geldirik daraman lantegia. Era berean, lege azterketa bat eskatu zioten Cuatrecasas bufeteari, zuzendari nagusia aukeratua zuten, eta akordioak lotu zituzten hornitzaileekin.

Pauso horiek guztiak egin arren, operazioa ezin izan dute burura eraman, egungo instalazioetan egiteko baimenik jaso ez dutelako. Jarduera Trukutxora eramatea, Udalak horretarako bideratu zuen lekura, "ia ezinezkoa" da enpresaren ustez, epeengatik eta beharrezko inbertsioagatik.

Dena dela, taldeak ez dio atea behin betiko itxi Corrugados berriro irekitzeko aukerari, "baina jada ez dago gure esku soilik".

Erakundeen arteko gatazka

Iragan astelehenean jakin zen CLk uko egin diola lantegia irekitzeari, instalazioak egun dauden tokian, herrigunean, berriro martxan jartzeko lege oztopoak izan dituelako. Erabakiak fabrikaren irekieraren inguruko zalantzak uxatu zituen, baina ez azken hilabeteotan Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak Azpeitiko Udalarekin izan duten hika-mika. Lehenengoek uste dute ez dagoela legezko oztopo konponezinik; bai, ordea, "borondate politiko falta". Udalak, berriz, hasieratik adierazi du bere mahai gainean sekula ez dela egon lantegia irekitzeko proiekturik, eta lantegia egungo lekuan irekitzea legez kanpokoa dela, hiri eta lurralde antolaketa planen aurkakoa delako.

Arantxa Tapia sailburuak atzo esan zuen Eusko Jaurlaritzak "bere esku zegoen guztia" egin duela Corrugados irekitzeko, eta Udalari komunikazioa eta CLren asmoak oztopatzea leporatu zion.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, bere aldetik, adierazi zuen erakundeek, "pribatuan", onartu egiten dutela ez zegoela proiekturik, eta gainera, eragileek ez dutela Trukutxoko aukera aztertu ere egin nahi izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Azpeitia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak