Ekonomia -

Energia

Tapiak esan du IberLyzerrek Guadalajararen laguntzengatik hartu duela erabakia

Itzuli beharko ez dituen laguntzak jasoko dituelako erabaki dute Iberdrolaren elektrolizatzaile lantegia Gaztela Mantxara eramatea, EAEra eraman beharrean, Eusko Jaurlaritzaren arabera.

IberLyzerren aurkezpena. Argazkia: EiTB
IberLyzerren aurkezpena. Argazkia: EiTB
Jaurlaritzak hidrogeno berdearen aldeko apustua berretsi du

1:11

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikorako, Iraunkortasunerako eta Ingurugirorako sailburuak esan du IberLyzerrek (Iberdrolaren eta Cummins estatu batuarraren enpresa) itzuli beharko ez dituen laguntzak lehenetsi dituela Gudalajarara joateko, EAE ezin baita laguntza horiekin lehiatu.

Tapiak tamaina handiko elektrolizatzaileak ekoizteko lantegia, IberLyzerrena, EAEn eraiki beharrean Guadalajarara eraman izanaz hitz egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Alde batetik, sailburuak azpimarratu du enpresak bulego nagusitik (Madrildik) gertuago dagoen lurralde baten aldeko apustua egin duela, eta eremu behartsu bat denez, EAEk baino itzuli beharrik gabeko laguntza gehiago eman ditzakeela.

Bere esanetan, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak proposamen bat aurkeztu zuten laguntzetan eta zerga onuretan oinarrituta, eta EAEren kasuan, itzuli beharrik gabeko laguntza inbertsioaren % 10era soilik irits zitekeen, baina Guadalajararenean, % 25era, eremu behartsua delako.

Gainera, Jaurlaritzak lantegia eraikitzeko lurzorua eta eraikuntza ordaintzea proposatu omen zion konpainiari, eta ekarpen hori izango zela enpresa berrian izango lukeen parte-hartzea.

Aitortu du inbertsioa EAEra iristea nahi zuela, eta ez dakizkiela IberLyzerrek Espainiako Gobernutik jaso dituen diru-laguntza guztiak zeintzuk izan diren.

Tapiak esan du Iberdrolarekin lanean jarraituko dutela "Hidrogeno berdearen euskal Y" garatzeko, eta hori hornitzeko tokian tokiko sare bat osatu nahi dutela.

Oposizioa

Oposizioko hiru alderdiek, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs-ek Eusko Jaurlaritzari egotzi diote elektrolizatzaileen lantegia EAEn ez eraikitzea.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak Bilboko Herri Irratian adierazi duenez, "politika industrialaz arduratzen denaren erantzukizuna" da gertatutakoa, "Euskaltel funts putre bati saldu eta gero Espainiako enpresa bati saldu ziotenen berdinena".

"Albiste txarra da, ez dut pentsatu ere egin nahi zer entzun beharko genukeen EH Bilduren administraziopean gertatu izan balitz", adierazi du Otegik.

Buruzagi abertzaleak azaldu duenez, hidrogenoa "energia horniduraren ezinbesteko zatia izan behar da datozen hamarkadetan", eta erabakian eragina izan du Iberdrolaren eta Petronor-Repsol sustatzen dutenen arteko "norgehiagokak".

Bestalde, Pilar Garrido Elkarrekin Podemosen koordinatzaileak proiektuaren "gardentasun falta" kritikatu du, Jaurlaritzak alderdiekin, eragile sozialekin eta EHUrekin landu behar zuelakoan.

"Ozen iragarri ostean ezerezean geratzen diren proiektuak dira. Guk euskal gizartean errotutako eta gizarte osoari aberastasuna ematen dioten beste proiektu batzuen aldeko apustua egiten dugu", gaineratu du Bilbon emandako prentsaurreko batean.

Azkenik, Carlos Iturgaiz PPren EAEko presidenteak sare sozialetan esan du "EAJren kudeaketaren beste porrot bat" dela, eta "saltzen duen euskal oasin aberastasunak ihes" egiten duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia EH Bildu Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi