Ekonomia -

corrugados

Alkorta: "Saiatu gara siderurgia martxan jartzeko lan egiten, baina ez digute utzi"

Azpeitiko Udalak azaldu du gainerako erakundeek ez dutela Trukutxoko aukera aztertu nahi izan eta proiekturik gabe "ehunka lanpostu fiktizioren" espektatiba sortu izana ez dela Udalaren ardura.

Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea. Argazkia: EITB media
Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea
''Saiatu gara Azpeitian siderurgia martxan jartzeko lan egiten, baina ez digute utzi''

6:27

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Saiatu gara Azpeitian siderurgia martxan jartzeko lan egiten, baina ez digute utzi. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Cristian Lay enpresak uko egin diote Trukutxon lantegia martxan jartzeko aukera aztertzeari". Hala adierazi du gaur Azpeitiko alkate Nagore Alkortak Udalean Corrugados Azpeitiaren inguruko xehetasunak azaltzeko egindako agerraldian; bertan izan dira Josu Labaka Hirigintza zinegotzia eta Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotzia ere. 

Behin eta berriz esan bezala, "enpresak proiekturik ez" duela berretsi du, eta ingurumen baldintzak eta baldintza juridikoak betetzen ez diren eremu batean lantegia martxan jartzeko aukera "lau haizetara zabaldu" izana salatu du. "Orain, inolako proiektu ekonomikorik gabe sortutako ehunka lanpostu fiktizioren aukera galduaz hitz egiten digute, sortutako espektatiba faltsuen ardura Azpeitiko Udalaren gain jarriz, gainera".

Alkortak esan duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "aspalditik" zekiten Corrugados Azpeitia ez zela irekiko: "Pribatuan onartu bezala, jakin badakite ez daukatela Corrugados irekitzeko idatzizko dokumenturik, ez proiektu ekonomikorik, ez negozio planik, ez azterketa teknikorik, ez eta ingurumen inpaktuko azterketarik ere".

Horren harira, "lanpostu horien guztien sorrera sostengatzen duen benetako proiektu ekonomikoa eta ingurumen baldintzen betekizunena" aurkez dezatela eskatu diete aipatutako bi erakundeei.

Udala, alderdi interesen gainetik, "azpeitiar guztien interesak" defendatzen ari dela ere zehaztu du: "Zurrunbilo mediatikoaren erdian kokatu gaituztenetik, egia esan dugu beti", eta gaineratu du Corrugadosen inguruan abian izan den "prozedura ofizial bakarra" instalazioak desmuntatzeari lotutakoa izan dela. "Hori Eusko Jaurlaritzak ere badaki. Badaki, besteak beste, espediente horretan ingurumen baimenak zeintzuk izan behar diren adierazi zuelako 2020ko azaroan".

Udalak baieztatu du, orain, Metales Vela SL enpresako makinen jabeak igorritako akta eskuetan, "Amue eta Marcial Ucin eremuetako makineria desmuntatzeko lanak hasi direla".

Eremua berreskuratzea helburu

Alkortak adierazi du, Corrugados enpresa desmuntatzearekin batera, Azpeitia "fase berri batean" sartuko dela eta "ia 10 urtez ezerezean izan diren lurrak berreskuratzeko prozesuari" ekingo diola. Etorkizunari "ilusioz" begiratzeko unea dela azpimarratu du. Izan ere, herri erdigunean Azpeitia garatzeko garrantzitsua izango den eremua berreskuratuko da. Horretarako, "Marcial Ucin eremuko industria birgaitzea sustatu beharko da eta, ingurumen baimenak beteaz, Arauntza mendiko Corrugadosen zabortegia behin betiko zigilatzeko prozesua abiatuko da". Alkateak adierazi duenez, Udalak "Azpeitiak Trukutxon siderurgia aktibatzeko gordea duen aukera lantzen" jarraituko du. "Azpeitiak ez baitio inoiz industriari bizkarrik eman. Eskualdean, Gipuzkoan eta Azpeitian siderurgia martxan jartzeko eremu bat dago hor".

Azpeitia "herri aktiboa, ekintzailea eta langilea" dela azpimarratu du, eta "kontrakoa irudikatzen saiatu" badira ere, "etorkizunari baikortasunez eta erantzukizunez begiratzen" dion herria dela esan du. Azpeitiko herriarekiko "begirunea" eta Azpeitiko Udalarekiko errespetu instituzionala eskatu ditu: "Azpeitiarrok ez dugu merezi gure herriari egiten ari zaion kaltea".

EH Bilduk dokumentua aurkezteko eskatu du

Unai Urruzuno EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak salatu egin du Corrugados aferaren harira Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia Azpeitiko Udalaren kontra zabaltzen ari diren kanpaina. "Gezurretan ari dira, helburu bakar batekin, EH Bilduren posizio politikoak higatzea", eta dioenez, "ez daukate inongo lotsarik Nagore Alkortaren kontrako ehiza abiarazteko". 

Urruzunoren hitzetan, "gaur Tapia sailburua gezurrak esaten entzun dugu, eta "larriena Tapiak berak gezurretan dabilela dakiela da". "Tapiak dio badagoela proposamen bat enpresa hori berriro zabaltzeko. Bada, hori horrela bada, erakuts dezala behingoz eskaera edo proposamen ofizial hori". Urruzunok baieztatu duenez, "ez dago inongo eskaera ofizialik enpresaren aldetik, ez behintzat Udalean; Tapiak baldin badauka, atera dezala".

Ohartarazi du "guztia ez dela zilegi politikan" eta "Eusko Jaurlaritza gai honetan erakusten ari den jarrera arduragabea" salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Azpeitia Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Industria