Ekonomia -
Corrugados
Tapiak "utzikeriaz" jardutea egotzi dio Azpeitiko Udalari Corrugados auzian
Sailburuak azpimarratu du Jaurlaritzak "egin beharreko guztia" egin duela CLk lantegia berriro zabaltzeko eta Udalari leporatu dio enpresarekin eduki beharreko komunikazioa "oztopatzea".
EITB MEDIA
Atzo, Cristian Lay enpresak Corrugadosen Azpeitiko lantegiaren jarduerari berrekiteko asmoarekin ez jarraitzea erabaki zuela jakinarazi ostean, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gaur nabarmendu du lantegia berriro ez zabaltzeko erabakiaren "erantzukizun osoa (Azpeitiko) Udalarena" dela eta auzi horretan "utzikeriaz eta baloiak kanpora" botatzen aritzea egotzi dio.
Tapiak "atsekabea eta lotsa" sentzitzen duela adierazi du, "erabiltzen ari den zinismoagatik eta ustez, asmorik onenarekin, honetan eman eta galdu dugun denboragatik". Azpimarratu duenez, baina, "okerrena Gobernu honen jardunaren gainek salaketa faltsuak izan dira, esan baitute ez zaigula enplegua sortzea axola izan eta bestelako arrazoiengatik jardun dugula"; horren harira gehitu du, Azpeitiko alkate Nagore Alkortari zuzenduz, "Zer bestelako arrazoi? Argitu ditzala".
Tapiak "egia osoa ez esatea" eta "informazioa ezkutatzea" leporatu dio alkateari, eta horren ostean enpresarekin izandako bilerak zehaztu ditu. Tapiaren arabera, martxoan, enpresak eskaera formal bat bidali zion Udalari, lantegiaren jarduera berriro irekitzeko interesa zuela adieraziz, eta txosten juridiko bat erantsi zion, non ziurtatzen baitzen, enpresaren arabera, ez zegoela "legezko eragozpenik" aktibitatea oraingo leku berean berriz martxan jartzeko. Tapiaren arabera, enpresak bazekien ingurumen arauak betetzeko aldaketak eta inbertsioak egin beharko zituela, "eta horretarako gure laguntza eman genion".
Tapiak salatu du Udalak ez zuela "txosten hori kontrastatu, ez gutunari erantzun, ez eta enpresarekin harremanetan jarri ere", esan duenez "ez da inolako komunikaziorik egon Udalaren partetik".
Martxoaren 31n, inplikatutako hiru administrazioen artean akordioak lortzeko "azken ahalegina" egin zela esan du sailburuak; bertan Udalari proposatu zitzaion dokumentu teknikoak kontrastatzea eta lan-mahai bat sortzea. Gainera, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak "laguntza eskaini zion Udalari", sor zitezkeen arazoak gainditzen laguntzeko eta arazo horiei irtenbide bateratua emateko. Sailburuaren arabera, Udalak uko egin zion "irmo", Udaleko idazkariak egindako txostena loteslea zela eta, beraz, egungo Amue inguruan altzairutegia berriro irekitzea ez dela bateragarria Hiri Antolaketako Plan Orokorrarekin argudiatuta.
Tapiak jakitera eman duenez, apirilaren 13an jakinarazi zioten enpresari ezinezkoa zela lantegiaren jarduerari berriro ekitea.
Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi duenez, Azpeitiko Udalak Corrugados berriro ez irekitzearen inguruko azalpenak eman beharko ditu, proiektua "bere esku" zegoelako eta lantegia ez bada berriro irekitzen, hori izango dela Udalak "ez duelako nahi izan".
Azpeitiko Udala "saiatu" da
Azpeitiko Udaleko ordezkariek gaur eskainitako prentsaurrekoan esan dutenez "saiatu gara Azpeitian siderurgia martxan jartzeko lan egiten, baina ez digute utzi".
Nagore Alkorta alkateak esan duenez, "Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Cristian Lay enpresak uko egin diote Trukutxon lantegia martxan jartzeko aukera aztertzeari".
Erreakzio politiko eta sindikalak
Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiari "kezka" eragin dio CL taldeak Corrugadoseko altzairutegia Azpeitian berriro ez irekitzeko hartutako erabakiak. Garridok "albiste txarra" dela esan du, eta "pena" ematen diela "berriro irekitzeari uko egiteak".
Carlos Iturgaiz Eusko Alderdi Popularreko eta PP+CS talde parlamentarioko presidenteak, bestalde, uste du Azpeitiko Corrugados lantegia berriro ez irekitzeko CL taldeak hartutako erabakia, elektrolizagailuen instalazioa Guadalajarara joan izanarekin batera, "EAJren kudeaketaren porrotaren" adibide direla, "Euskal oasia" saltzen baitu, "aberastasun ihesa" dagoen tokian.
Loli Garcia CC.OO. Euskadi sindikatuko idazkari nagusiak adierazi duenez, "erantzukizunak non dauden" zehaztu beharko da, CL taldeak Corrugados berriro ez irekitzearen erabakian, eta kezkatuta agertu da Euskadin "industria-ehunaren galera" dela eta.
Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak atzo deitoratu zuen Cristian Lay (CL) taldeak Azpeitiko Corrugados lantegia berriro irekitzeari uko egin izana, 50 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa baitzuen, eta hori Gipuzkoarentzat "galdutako aukera" dela uste du.