Ekonomia -

Energía industria

Iberdrolaren elektrolizatzaileak ekoizteko lantegia azkenean ez da EAEn eraikiko

Iberlyzer, Iberdrolaren eta Cummins estatubatuarraren proiektua, Guadalajarara joango da azkenean, euskal erakundeen esfortzuek ez baitute fruiturik eman.

Iberlyzerren irudi bat. Argazkia: Iberlyzer
Iberlyzerren irudi bat. Argazkia: Iberlyzer
Iberlyzerren irudi bat. Argazkia: Iberlyzer

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tamaina handiko elektrolizatzaileen lantegia, EAEko erakundeek Euskadin eraikitzea nahi zutena, Guadalajaran eraikiko da azkenean. Hainbat kokaleku aztertu ostean, Iberlyzer enpresak, Iberdrolak eta Cummins estatubatuarrak osatzen dutenak, azkenean Gaztela Mantxakoa aukeratu du, eta gaur aurkeztu du Toledon.

Hori horrela,  2021ean lantegi bat eraikiko dute Guadalajaran, eta hidrogeno berdea ekoizten hasiko dira 2023ko udan, 500 MW/urtean, eta 350 lanpostu sortuko dituzte.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapenerako eta Ingurugiroko sailburuak duela hilabete aitortu zuen euskal erakundeak euren esku zegoen "guztia" egiten ari zirela lantegia EAEn eraiki zedin.

Horretarako, lurzoru egokia eta elkartean parte hartzeko "tresnak" bilatzen ari ziren, tartean "Bizkaiko Aldundiaren tresna fiskalak". Izan ere, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolaren presidenteak Ezkerraldean kokatzeko prestutasuna agertu zuen, baina "beste lurralde batzuk baztertu gabe".

Hala eta guztiz ere, EAEn badago elektrolizatzaile proiektu bat martxan, Petronorrek eta Senerrek sustatua. Martxoan Emiliano Lopez Atxurra Petronorren presidenteak eta Jorge Sendagorta Senerren kontseilari ordezkariak iragarri zutenez, aurten hasiko dira lantegia erakitzen, 2022an lanean hasteko. Ziurrenik Portugaleten (Bizkaia) egongo da, eta 50-60 lanpostu zuzen sortuko ditu lehenengo fasean eta beste 100 bigarrenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Industria