Ekonomia -

corrugados

Christian Layk uko egin dio Azpeitiko Corrugadosen lantegia zabaltzeari

Enpresak Azpeitiko lantegiko jarduera Trukutxora eramateko aukera baztertu du. Alkateak azpimarratu du ez dela "inoiz proiekturik izan", eta Aldundiak Udalari egotzi dio proiektuaren porrota.

Corrugados Azpeitia.
Corrugados Azpeitia.
Corrugados Azpeitia.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Christian Lay enpresak baieztatu du uko egin diola Corrugados enpresaren Azpeitiko lantegia berriro irekitzeari, ezingo lukeelako Amue eremuan (gaur egungo eremuan) zabaldu eta ez duelako bideragarria ikusten lantegia Trukutxoko eremura eramatea. 

Extremadurako CL enpresa taldeak iazko azaroan azaldu zion Azpeitiko Udalari Azpeitiko Corrugados lantokia berriro irekitzeko asmoa, eta prest agertu zen horretarako 50 milioi euro inbertitzeko. 700 lanpostu sortzeko asmoa adierazi zuen.

Lantegia irekitzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra oztopo zela ikusi zenean, polemikak hedabideetara egin zuen jauzi eta erakundeen arteko desadostasun handiak agerian geratu ziren.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak baieztatu izan dute aukera zegoela altzairu lantegia gaur egungo tokian berriro zabaltzeko eta "borondate politiko kontua" zela hirigintza plana aldatu eta enpresari baimena ematea; bestetik, Udalak beti defendatu izan du lantegia gaur egungo Amue eremuan zabaltzea ez zela bateragarria EH Bilduk eta EAJk aho batez onartutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin, eremu horretako erabilera baimendua erresidentziala delako eta horren aurka joatea legez kontrakoa litzatekeelako. 

Azpeitiko Udalak dio inoiz ez dela benetako proiekturik egon mahai gainean, proposamen informal bat baino ez. Nagore Alkorta alkateak Euskadi Irratian adierazi duenez, joan den martxoaren 31n izan zuten azken bilera Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin eta, Alkortak dioenez, "argi eta garbi" geratu zen denen partetik ez dela inoiz proiekturik izan.

"Ez da inoiz proiektu erreal bat egon, ez dago bideragarritasun plan bat, ez dago negozio planik, eta bilera bakarra egin dugu eragile guztiok, ordu erdikoa. Beraz, ezin da esan saiakera asko egin direnik eta Azpeitiko Udalaren erruz ez denik proiektua aurrera atera", adierazi du Alkortak.

Aurreratu du enpresarekin martxan dituen bileretan lantzen ari diren puntu bakarra dela gaur egun oraindik herrigunean dauden instalazioak desmontatu eta eremu hori lehengoratzea. "Guk bilera horiek martxan ditugu; beraz, beste instituzio batek beste konpromiso batzuk hartu baditu, uste dut hark erantzun beharko duela sortu dituen espektatiben inguruan", adierazi du Alkortak.

Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapenerako diputatuak esan du CL Taldearen erabakia "Udalak eta Nagore Alkorta alkateak azken hilabeteotan izandako blokeo jarreraren ondorio zuzena" dela.

Larrañagak "galdutako aukera"tzat jo du udal gobernuak egindako kudeaketa. "Hasieratik, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak laguntza eskaini dugu proiektuak aurrera egin zezan. Berretsi dugu garaiz genbiltzala eta irekitzea posible zela Udalak atzera egin eta borondate politikoa erakutsiz gero", azpimarratu du.

Diputatuak adierazi du Corrugados berriro irekitzeko testuingurua "oso aldekoa" zela, eta Jaurlaritzak "behin eta berriz" azaldu duela "bideragarria zela ingurugiro baldintzak betetzea".

"Udalak maila ematea gustatuko zitzaigun, baina, zoritxarrez, orain atsekabetzea eta bakoitzak bere ardurak beregain hartzea besterik ez da geratzen", gaineratu du.

BIDEOA: Azpeitiko Udala eta Gipuzkoako Aldundia, aurrez aurre Corrugados dela eta

Azpeitiko Udala eta Gipuzkoako Aldundia, aurrez aurre Corrugados dela eta
Azpeitiko Udala eta Gipuzkoako Aldundia, aurrez aurre Corrugados dela eta
Azpeitiko Udala eta Gipuzkoako Aldundia, aurrez aurre Corrugados dela eta

1:22
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Azpeitia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Industria