Ekonomia -
EB NEXT FUNTSAK
Euskadik 6400 milioi euroko proiektuak aurkeztuko ditu Europako Next funtsetara
Eusko Jaurlaritzak eskualdeetako proiektu estrategikoen figura sortzea proposatu du, "izaera estrategikoko proiektu konplexuak 'ministerio-leihatila' desberdinetan zatikatu beharrik ez izateko".
O.P. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next 21-26 Programa eguneratu du. Eraldaketa ekonomikora bideratuta dago, eta, azken eguneraketa honekin, Errekuperazio eta Erresilentziako Europako Mekanismoaren (MRR) funtsetatik 6400 milioi jasotzeko asmoa duten proiektuak biltzen ditu. Kopuru horrek, guztira, 18.286 milioiko eragina izan lezake inbertsioan.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak agerraldia egin du astearte honetan, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak egindako bileraren ostean, eguneraketa honen berri emateko. Izan ere, aurreko urtearen amaieran aurkeztutako hasierako proposamenak 5702 milioi euroko Europako laguntzak jasotzeko proiektuak biltzen zituen.
Azpiazuk azaldu duenez, euskal ekimenen pisua handitu egin da funts horiek eskuratzeko aukerazko arloak zabaldu ondoren, eta, beraz, euskal planean jarduera "oso indartsuak" sartu ahal izan dira hezkuntzaren, osasunaren, digitalizazioaren, medikuntza pertsonalizatuaren eta terapia aurreratuen arloetan.
Hala, Espainiako Gobernuari igorriko zaizkion euskal proiektuen berrikuspen honekin, 6400 milioi euro lortu nahi dituzte, Espainiak jasoko dituen 70.000 euroetatik. Guztira 18.268 milioi euro inbertituko lirateke, Europako funtsen, baliabide publikoen eta pribatuen artean.
Proiektuak lau mailatan banatzen dira: Estatuko ETPB edo PERTEak (Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoak); eskualdeko PERTEak; diru-laguntzak eta maileguak; eta administrazio publikoen jarduerak.
Euskadik estatuko PERTEetara bideratutako 29 ekimenetarako planteatutako guztizko inbertsioak 5084 milioi eurokoak dira, eta automobilgintza berdearen industriarekin, energia-sorkuntzarekin eta hidrogeno berdearekin, nekazaritza jasangarriarekin eta punta-puntako osasun-sistema nazional baten garapenarekin zerikusia duten proiektuak dira.
Bestalde, eskualdeko 9 PERTE planteatzen dira, guztira 6400 milioiko inbertsioa mobilizatzeko gaitasuna dutenak 63 proiekturen bidez. Zehazki, honako hauekin lotuta daude: bizitza-luzera eta ongizatea, banaketa adimenduneko sareak, itsas jatorriko energia berriztagarriak, gaitasun zientifikoa eta teknologikoa, Big Data, Euskadi sortzailea, hiri jasangarriak, klima-aldaketa, eta ekonomia zirkularra.
Eusko Jaurlaritzak azken PERTE mota hori (eskualdeetakoa) proposatu du, "proiektu konplexu estrategiko eta eraldatzaileak 'ministerio-leihatila' desberdinetan zatikatu beharrik ez izateko bide gisa", esan duenez, euskal ekoizpen-ehunaren trakzio-gaitasunari lotuagoak baitaude. Gainerako autonomia-erkidegoetara zabal daitekeen figura gisa planteatzen da.
Azpiazuren esanetan, proiektu guztiak "ukigarriak eta gauzagarriak" dira, eta % 59 lurralde osora begirakoak lirateke; % 18 Bizkaiari, % 12 Gipuzkoari eta % 11 Arabari lotutakoak. Euskadi Nextekin "eraldaketa susperraldirako palanka" izango dela azpimarratu du.
Deialdi, diru-laguntza eta lizitazio publikoen atalean, 6802 milioiko zenbatekoarekin, administrazio publikoen laguntzak jaso ditzaketen ekimenak sartzen dira. Azpiazuren hitzetan, formula hori izango da garrantzitsuena funtsak eragile sozioekonomiko guztiengana iristeko.
Ildo horretan, inbertsio publikoko proiektuak administrazioek dituzten tresnen bidez gauzatuko direla adierazi du, hala nola, lizitazioen eta erosketa publikoaren bidez.