Ekonomia -
Gasteizko Auzitegia
Bi emakumezko hautagai sexu joeragatik diskriminatu zituzten Arkautin
Ertzain izateko hautagaiak ziren, eta auzitegiak orain "behin-behinean Ertzaintzako agente postuak" ematera behartu du Segurtasun Saila.
agentziak | eitb media
Gasteizko auzitegi batek ebatzi du Ertzaintzaren 27. promozioko ebaluazioan bi emakumezko hautagai sexu joeragatik diskriminatu zituztela, Arkautiko Akademiatik egotzi baitzituzten. Auzitegiak "gai" direla ebatzi du, eta "behin-behinean Ertzaintzako agente postuak" ematera behartu du Segurtasun Saila.
ELAk agiri batean jakinarazi duenez, Auzitegiak ebatzi du "egiaztatuta" geratu dela XXVII. Promozioko hautaketa prozesua gainditu zuten bi pertsona horiek "diskriminatuak" izan zirela.
Hori horrela, Segurtasun Sailak gaitzat hartu beharko ditu bi emakumeak, eta "Ertzaintzako agenteen behin-behineko postu bat eman", "ukatu dieten praktikaldia egin dezaten".
Ertzaintzaren Akademiak "sexu joeragatik zeharkako diskriminazioa" egin zuela ebatzi du auzitegiak.
ELAk gogora ekarri duenez, Arkautiko zuzendariari jakinarazi zioten XXVII. promozioko hautaketa prozesuan "oso gertakari larriak" izan zirela, eta zuzendu ezean "generoagatik, sexu aniztasunagatik, jatorriagatik edo bestelako arrazoiengatik diskriminazio zuzena edo zeharkakoa" gertatu zitekeela.
"Akademiaren zuzendariak, jokabide horiek zuzendu beharrean, babesa eman zien, eta, ondorioz, hautaketa prozesu osoa gainditu zuten bi hautagai ez-gaitzat jo zituzten ebaluazio probetan, soziograman hain zuzen ere", azaldu du sindikatuak.
"Ez Eusko Jaurlaritzak ez Akademiaren zuzendariak ez zuten ezer egin, eta ez-gaitzat jo zituzten bi hautagaiek bide judiziala hartu zuten", gaineratu du.
Hori guztia kontuan izanda, ELAk ebazpena "lehenbailehen" betetzeko eskatu dio Segurtasun Sailari, ebaluazio zerbitzuaren arduradunak "berehala" kargugabetu ditzala, eta "soziograma hautaketa prozesutik kendu dezala, anai handi baten bitartez hautagaiak kendu nahi dituen eta korporatibismoa, kideen arteko konfiantza eza eta generoagatik, sexuagatik edo jatorri politikoagatik diskriminazioa sustatzen duen" sistema bat delako.