Ekonomia -

Bidesariak

AP-68ko deskontuak Laudio-Bilbo tartean aplikatuko dituzte irailetik aurrera

Autobidea sarri erabiltzen duten arabarrek urtean 550 euro baino gehiago aurreztu ahalko dute.

Laudioko bizilagunek igarriko dute aldea batez ere. Argazkia: Wikimedia (CC)
AP-68aren zati bat.
Laudioko bizilagunek igarriko dute aldea batez ere. Argazkia: Wikimedia (CC)

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AP-68 autobidea sarri erabiltzen duten erabiltzaileek deskontuak izango dituzte irailaren 1etik aurrera Laudio (Araba) eta Bilbo artean.

Neurriak Araban bizi diren eta Bilbora lanera edo ikasten doazenei egingo die mesede, baina batez ere Laudion edo Araiako eskualdean bizi direnei.

Blanca de la Peña Arabako Bide Azpiegitura eta Mugikortasun foru diputatuak gaur iragarri du albistea, Batzar Nagusietan egin duen agerraldi batean. 

Hobarioi esker, Gasteizetik edo Laudiotik Bizkaiko hiriburura doazenek urtean 502 eta 554 euro aurreztuko dituzte, hurrenez hurren.

Hobarien sistema hori Zanbrana eta Laudio artean aplikatzen zen orain arte, eta irailetik aurrera, AP-68 osoan ezarriko dute. 

Gainerako baldintzek bere horretan jarraituko dute: hilean gutxienez 15 bidaia baino gehiago egiten dituztenek bidesariaren % 60ren murrizketa jasoko dute.

Horrez gain, erabiltzaileek Araba bizileku izan eta teleordainketa sistema eduki beharko dute.

500 euro inguruko aurreztea

De la Peñak gogorarazi duenez, egunero Gasteiz eta Bilbo arteko bidaia egiten duenak 1.496 euro ordaindu behar ditu, baina aldaketokin, 994 euro.

Laudio eta Bilbo arteko bidaiei dagokienez, urtean 924 euro dira ordaindu beharrekoak, baina hobariei esker, 369 euro izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Araba Laudio Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak AP-68 autobidea