Ekonomia -
LAN-ISTRIPUA
Langile bat hil da Basaurin, enpresa bateko teilatutik erorita
Behargina Basauriko Congelados Acenomar lantegiaren teilatua konpontzen ari zela gertatu da ezbeharra. 48 urte zituen eta gasteiztarra zen.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Langile bat hil da ostegun honetan Basauriko Arteagoiti industria-gunean dagoen lantegi bateko teilatutik behera erorita, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez.
Ezbeharra 10:00ak inguruan gertatu da, Congelados Acenomar enpresan. Behargina lantegiaren teilatua konpontzen ari zen eta, ezustean, 10 metroko altueratik behera erori da. Berehala zendu da. 48 urte zituen, gasteiztarra zen eta Cubiertas Olicer konpainiako langilea zen.
ELA sindikatuak administrazio publikoen jarrera gogor kritikatu du eta "lan-istripuak gelditzeko ezer" egiten ez dutela salatu du.
"Lan-baldintza txarrak eta azpi-kontratazio tasa altuak daude arazo larri honen jatorrian. Legegileek badute ahalmena egoera honi buelta emateko eta hala egin beharko lukete, baina ez dago borondate politikorik arazo honekin amaitzeko", deitoratu du.
CCOO sindikatuak ere adierazi du prekarietatea eta azpi-kontratazioa daudela lan-istripuen oinarrian. Eraikuntza sektorean ematen diren lan-baldintzen kontrolerako kanpaina zehatzak abiarazteko beharra azpimarratuta, elkarretaratzea deitu du biharko Gasteizen, lantokietan prebentzio neurriak eskatzeko.
LABek nabarmendu du gaurkoaren antzeko heriotzak –altuera batetik erorita gertatzen direnak- urtero errepikatzen direla eta, hala ere, ez direla neurriak hartzen horrelakorik berriro jazo ez dadin.
"Erakundeek eta gobernuek beste aldera begiratzeari utzi behar diote eta laneko osasuna eta segurtasuna bermatzeko politikak errotik aldatu behar dituzte", erantsi du sindikatuak ohar batean.
Bestalde, lan-istripua zorrotz ikertzeko eta segurtasun-neurri guztiak bete diren argitzeko eskatu dio UGTk Lan Ikuskaritzari.
Gaur hil den langilearekin 23 dira dagoeneko aurten Hego Euskal Herrian lan-istripuetan hil diren beharginak, horietatik lau maiatzean. Izan ere, aurretik, maiatzaren 11n Laudion bihotzekoak jota hil baitzen behargin bat lanean zela, maiatzaren 7an Getariako Indaux enpresan erorikoa izan ondotik hil zen langile bat eta maiatzaren 3an bihotzekoak jota hil zen langile bat Amorebieta-Etxanon.