Ekonomia -

Adituen txostenak

Zaldibarko zabortegiaren zigilatze sistema desegokiak eragin zuen luizia

Bartzelonako zein Kantabriako unibertsitateetako irakasleen arabera, hondakinak biltzeko eta ez mugitzeko oihal leun bat erabili zuten, zaborrari ondo eusteko zimurtsua izan beharko lukeen arren.

Zaldibargo zabortegi amilduaren egungo argazkia. EFE
Zaldibargo zabortegi amilduaren egungo argazkia.
Zaldibargo zabortegi amilduaren egungo argazkia. EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zabortegiaren zigilatze sisteman egindako akatsek eragin zuten 2020ko otsailaren 6ko hondamendia Zaldibarren. Hala ondorioztatu dute adituen bi txostenek: Eduardo Perez de Agreda eta Mercedes Sondon Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko Ingeniaritza irakasleek egindakoak zein, Jaurlaritzak eskatuta, Kantabriako Unibertsitateko Jorge Cañizal eta Cesar Sagaseta geoteknian adituek prestatukoak ere.

Berria egunkariak txosten horiek ikusteko aukera izan du, eta gaurkoan jaso ditu ezbeharraren arrazoiak azaltzeko adituek emandako argudioak. Duela urtebete pasatxo zabortegiaren zati bat zartatu eta milioi erdi tona hondakin amildu ziren, azpian bi langile, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, harrapatuta. Beltranen gorpuaren bila dabiltza oraindik.

Hondamendiaren zergatia zigilatze sistema desegokiari egotzi diote bi txostenek. Hondakinak pilatzeko eta ez mugitzeko oihal edo azal berezi bat erabili ohi da, geotestila izenekoa. Zaldibarren ere geotestil baten baitan pilatzen zituzten zaborrak, baina txostenen arabera, Verter Recycling enpresak jarritakoa ez zen hondakinei eusteko gai izan.

Enpresak 2008an moldatu zuen zabortegiaren proiektua, eta bertan zigilatze sistema aldatu zuen. Horren arabera, zimurtutako geotestila erabiliko zuten zaborra biltzeko; hori horrela, marruskadura gutxitu eta zoruari eutsiago egongo lirateke zaborrak. Proiektuak hala bazioen ere, Verterrek zabortegiaren lehen garaian bakarrik erabili zuen oihal mota hori; gerora, 1. eta 2. fasean, alde batean bakarrik jarri zuten, eta zabortegiaren azken garaian (3. eta 4. fasean), aldiz, geotestil leuna ipini zuten alde bietan.

Zaldibarko zabortegia mendi baten hegalean kokatuta zegoen, 19 graduko inklinazioarekin, legearen arabera, hondakindegiek gehienez 15 gradukoa eduki behar badute ere.

Azkenik, aipagarria da adituek baztertu egin dutela hondakinak pilatzeko erritmoak zabor-jausiarekin zerikusia izan zuenik, bai, ordea, hondakinek harrapatutako altuerak. Txostenen arabera, zaborrei eusteko dikeak 256 metroko altuera zuen, baina 383 metroraino bete zuten zaborrez. Hortaz, 127 metrotan gainditu zuten muga.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gizartea Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Zientzia Zaldibar Ingurumena albisteak Kutsadura Durangaldea azken ordukoa Mendi-magaletako lur-jausiak