Ekonomia -
Krisia
Auzitegi Nazionalak oniritzia eman die Alestisek Araban egin dituen kaleratzeei
Sindikatuek helegitea aurkeztu zuten UGTk eta CCOOk enpresarekin hitzartu zuten txostenaren aurka, baina auzitegiak ebatzi du ez zela "negoziazioko fede ona urratu".
agentziak | eitb media
Auzitegi Nazionalak oniritzia eman dio Alestisen Lan Erregulazio txostenari, ondorioz, berretsi egin ditu Gasteizko lantegiko 56 kaleratzeak, ez duelako uste txostenaren negoziazioan fede ona urratu zenik.
Alestisek (Actiurrirena da % 76 eta SEPIrena % 24) 1.300 langile zituen Gasteizen, Andaluzian eta Getafen iaz UGTrekin eta CCOOrekin estatu mailako akordioa egin zuenean.
Erregulazio txostenaren ondorioz, 374 lanpostu suntsitu ziren, gehienak eszedentzia eta borondatezko erretiroekin. Arabako lantegiaren kasuan, iaz 180 langile zituen, eta txostenean 56 kaleratze eta 21 erretiro eta irteera sustatu zehaztu zituen txostenak.
ELAk, CGTk eta SATek helegitea jarri zuten (LABek bat egin zuen), eta urtarrilean epaiketa egin zuten Auzitegi Nazionalean. Orain kaleratu dute ebazpena, eta bertan azaldu dute ez dutela "negoziazioan fede ona urratu denik ikusi", "kaleratze kolektiboak gehiengoaren babesa jasotzeak fede ona erakusten duelako", ELAk azaldu duenez.
Aipatu sindikatuak gaineratu du Auzitegia ez dela sakoneko gaietan sartu, hau da, "atea irekita geratu da norbanakoen salaketetarako". Izan ere, sindikatuak "helegiteetarako arrazoiak" ikusten ditu, beraz, aztertu egingo du zer egin.
ELAk ukatu egin du kaleratzeak egiteko "egiturazko arrazoiak" daudenik, eta zalantzan jarri du "negoziazio mahaiaren gehiengoak" onartu izana, zeren "Miñaoko lantegian CCOOk ordezkaririk ere ez dauka".