Ekonomia -
koronabirusa
Merkataritzarako Bilboko Bonuak 24 ordu baino lehen agortu dira
Bonuak erabiltzeko epea ekainaren 30ean amaituko den arren, 5.000 jada kontsumitu dituzte, dendetan.
eitb media
Herritarrek 24 ordu igaro baino lehen agortu dituzte Bilboko Udalak pandemia-egoeran merkataritzaren sektoreari laguntzeko ateratako bonuak. Asteazkenean ipini zituzten eskuragai, 16:00etan, bonobilbao.eus webgunean.
Udalak jakinarazi duenez, guztira 64.115 bonu saldu dituzte (48.000 izan ziren aurreko kanpainan), eta gainerakoak 65 urtetik gorako pertsonentzat gorde dituzte, saltokietan bertan, baina litekeena da laster amaitzea.
Aurreko edizioetan bezalaxe, herritarren erantzuna "oso ona" izan da, eta webguneko erosketak azkarrak eta etengabekoak izan dira. Hala, eskuragai jarritako bonu guztiak agortu dira. Gainera, horiek erabiltzeko epea ekainaren 30ean amaituko da, baina dagoeneko 5.000 bonu kontsumitu dituzte, saltokietan.
Bilboko Udalak milioi bat euro inbertitu du kanpaina horretan. Aurreko edizioetakoa baino aurrekontu handiagoa da, hiriari 4,4 milioiko negozio-bolumena ekarriko diona.
Gainera, zenbait berritasun ekarri ditu aurtengo edizioak: bonu gehiago atera dituzte, establezimendu berriak batu dira ekimenera (ile-apaindegiak, estetika, masajeak, argazkilaritza, garbitokiak eta gimnasioak) eta bonuetako batzuk 65 urtetik gorako pertsonentzat gorde dituzte, saltokietan bertan eskuratu ditzaten.