Ekonomia -
Lan-gatazka
PCBko zuzendaritzak ez ditu kaleratutako langileak berriro hartuko
Lan-erregulazio txostenak justifikaziorik ez zuela argudiatuta, epaitegiak kaleratzeak baliogabetu zituen eta beharginak berriro lanera itzultzeko agindua eman zuen.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
PCB-ITP Aero konpainiako zuzendaritzak kaleratutako 87 langileak berriro hartuko ez dituela salatu du gaur enpresa-batzordeak.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi zuen Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan ezarritako lan-erregulazio espedientea, horretarako justifikaziorik ez zegoela ondorioztatuta. Hala, kaleratutako 87 beharginak lanera itzuli behar zirela zehaztu zuen.
Alabaina, zuzendaritzak ez du horretarako asmorik. "Lan zama nahikorik ez dagoela argudiatzen dute", adierazi dute iturri sindikalek.
Epaitegiak emandako ebazpenak "oso-osorik" bete dezala exijitu diote zuzendaritzari. "Mendekua hartzeko erabakia da eta kaltetutako familiei min egiten jarraitzen dute", ohartarazi dute.
Gatazka honetan enpresa izaten ari den jarrera "ahaztuko ez" dutela azpimarratuta, beraien esku dagoen guztia egingo dutela iragarri dute, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia hitzez hitz bete dezaten.
Gertatu den guztia kontuan hartuta, Barakaldoko eta Sestaoko lantegietako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du enpresa-batzordeak.