Ekonomia -
Arrantza jasangarria
Aztik nahi gabe arrantzatutako arrainen % 95 itsasora bueltatzeko teknika sortu du
“Hopper” izeneko gailuaz baliatzen dira eta Bolton Fooden atunontziek probatu dute Ozeano Barean, azken bi urteetan.
EITB Media | Agentziak
Azti euskal teknologia zentroak diseinatutako mekanismoa probatu dute hiru atunontzik azken bi urteetan, eta nahi gabe arrantzatutako animalien % 95 itsasora bueltatzea lortu dute.
Aztiren arabera, sortu dituzten gailu konbinatuak tarteko, nahi gabe harrapatzen diren arrainak (marrazo txikiak eta dortokak, gehienetan) libre uztea lortzen da, “itsasoaren habitata errespetatzen duen atunaren industria jasangarriagoa” bultzatuta. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Arrantza Sailak finantzatu du eta Bolton Food konpainiako hiru atunontzitan probatu dute 2019an eta 2020an, emaitza paregabeak lortuta.
Teknikaren xehetasunetan murgilduta, teknologia zentroko kideek azaldu dute “hopper” izeneko toberaz baliatu direla eta mekanismoa ontzien eskotilan instalatu dutela. Hala, harrapatutako arraina bertara heltzean, erraz ikus daitezke nahi gabe harrapatutako espezieak eta arrapala batetik bueltatzen dituzte itsasora.
Azkar askatuta animalien estresa murrizten dute, eta espeziei bizirauten lagundu. Aztitik honakoa gaineratu dute: “Espeziak itsasora bueltatu behar dira euren bizi zikloarekin aurrera egin dezaten” eta “enpresen ardura da arrantza intzidentala murriztea”.