Ekonomia -

MAIATZAREN LEHENA

CCOO eta UGTk bat egin dute "langile klasearekiko zorra" aldarrikatzeko

Bi sindikatuak elkarrekin mobilizatu dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta langileriak pandemia garaian egindako ahaleginari erantzuteko eskatu dute.

CCOO eta UGTren manifestazioa Donostian. Argazkia: Eneritz Gorrotxategi.
CCOO eta UGTren manifestazioa Donostian.
Alfonso Rios, CCOO: “Lan erreformak indargabetu behar dira”

1:20

O. P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CCOO eta UGT sindikatuek elkar hartu dute Maiatzaren Leheneko ospakizunetan eta batera atera dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako manifestazioetan. "Ahora toca cumplir - Langile klaseari zor diogu" lelopean, ehunka lagun bildu dira, egoera epidemiologikaren harira hartutako neurrien ondorioz mugikortasuna mugatuta egon arren. 

Bilbo eta Donostiako manifestazioak 11:30ean abiatu dira, Kale Nagusitik eta Alderdi Ederretik, hurrenez hurren, eta Gasteizen eguerdian abiatu da, Andre Maria Zuriaren plazatik. Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusi Loli Garcia eta Euskadiko UGT sindikatuko Raul Arza Bilboko mobilizazioan izan dira.

Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusi Loli Garciak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak, "saiatu arren", ez duela lortu "langile klasea isilaraztea", mugikortasun-mugei erreferentzia eginez. Langile klaseak pandemia garaian izan duen paperak "gizartearen onespena" baino zerbait gehiago merezi duela azpimarratu du eta "agenda sozial konprometitua" bultzatzeko deia egin du.

Garciaren ustez, beharrezkoa da "negoziazio kolektiboaren egiturazko pisua berreskuratzea" eta "behingoz genero-arrakalekin amaitzea".

Raul Arza Euskadiko UGT sindikatuko buruak, bestalde, bitarteko langileen kopurua murrizteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. "Ezin dugu onartu Euskadi Espainiako eta Europako buru izatea behin-behinekotasunean. 60.000 langile baino gehiagori buruz ari gara hizketan", gaineratu du.

Arzak azpimarratu duenez, Maiatzaren Lehenean gogoan izan behar dira konfinamenduan "funtsezkoak" izan ziren langileak baina "txertoa jartzeko orduan lehenesten ez direnak", baita azken bost urteetan lan-istripuetan bizia galdu duten "166 euskal langileak" ere.

Bilboko manifestazioarekin bat egin du Idoia Mendia lehendakariorde, Enplegu sailburu eta PSE-EEko idazkari nagusiak, eta "soldata duinak, berdintasuna eta prestakuntzarako eta lan-aktibaziorako eskubidea" aldarrikatu ditu, eta gogorarazi du duela 131 urte Alderdi Sozialistak kalera irteteko deia egin ziela langileei, euren eskubideak defenda zitzaten.

Nafarroak txalotik ekintzara igarotzeko eskatu du

Nafarroan, bi sindikatuek manifestazio bateratu nagusi bat egin dute Iruñean. Bertan, pandemia garaian egindako lanagatik oinarrizko sektoreetako langileak omendu dituzte, eta gobernuei eta enpresaburuei "langileekin duten zorra" kitatzeko garaia dela esan diete.

Chechu Rodriguez Nafarroako CCOO sindikatuko idazkari nagusiaren hitzetan, "Gobernuak pauso bat aurrera emateko garaia da, zorretan baikaude langileekin". Gaineratu du "atzo txalo zaparrada zena benetako aitortza bihurtu behar dela, soldatak igoz, eta enpleguaren egonkortasuna eta zerbitzu publikoak indartuz". Era berean, aldi baterako lan-erregulazioa "pandemiaren inpaktua jaso dutenengana iristea" eskatu du Rodriguezek, baita politika sozialak eta fiskalak hobetzea ere, eta, horretarako, Nafarroara iritsi behar duten Europako berreraikuntzarako funtsak erabiltzea nahi du.

Jesus Santos Nafarroako UGT sindikatuko idazkari nagusiak ere hitz egin du, eta adierazi du lana, konpromiso soziala eta elkartasuna direla "herri honetako langileriaren aurkezpen-gutuna, intolerantziaren, fanatismo berekoiaren eta ultraeskuinak politikari demokratei egindako heriotza-mehatxuen aurrean". Espainiako eta Nafarroako gobernu sozialisten jarrera politikoari "aitortza" egin dio eta, bide batez, krisitik ateratzeko enplegu-plan bat eta sektore astinduenentzako ekintza-planak eskatu dizkie, "lidergo publikoa, aurrekontu-baliabide nahikoak eta adostasun soziala" izanik sustapen horren giltza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langileen nazioarteko eguna Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak