Ekonomia -

FINANTZAK

Kutxabanken irabazi garbia % 31,7 jaitsi da lehen hiruhilekoan

Taldeak 61,8 milioi euroko irabazi garbia lortu du, eta jaitsiera horren arrazoia ezohiko emaitzarik ez izatea eta dibidendu jakin batzuen kobrantza atzeratzea izan da.

BBK-ko eraikina. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
BBK-ko eraikina.
BBK-ko eraikina. EITBren bideo batetik ateratako irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxabank taldeak 61,8 milioi euroko irabazi garbia izan du urteko lehen hiruhilekoan, iazko epe berean baino % 31,7 gutxiago. Bankuaren arabera, jaitsiera hori ezohiko emaitzarik ez egoteagatik eta dibidendu jakin batzuen kobrantza atzeratzeagatik izan da.

Erakundeak jakinarazi duenez, emaitza horrek pandemiaren bilakaeraren arabera "taldeak urteko lehen hilabeteetarako ezarritako helburuak betetzen ditu". Are gehiago, bankuaren arabera, emaitza "urteko lehen hilabeteetarako aurreikuspenen gainetik dago, eta datozen hilabeteetarako mozkinen igoera adierazten du".

Negozio-bolumena 117.000 milioi eurora iritsi da, duela urtebete baino % 9,2 gehiago, eta hazkundea "kreditu-inbertsioaren, bezeroen gordailuen eta, batez ere, balantzetik kanpo dauden baliabideen bilakaera onak (azken 12 hilabeteetan % 21,1 igo dira)" bultzatu dute. Bestalde, administratutako baliabideak % 11,3 hazi dira.

Kutxabankek 1.000 milioiko muga gainditu du hirugarren hiruhilekoz jarraian hipoteken ekoizpenean (1.093 milioi); % 55,7 hazi da, eta hiruhilekoen errekor berria ezarri du.

Emandako datuen arabera, beharrizan pertsonaletarako maileguen kontratazio berriak pixkanaka berreskuratzen ari dira. "Merkataritza kreditua" ere gora egiten ari da krisiaren ostean, eta % 14,3 hazi da iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.

Aseguru-zerbitzua 33 milioi euro ingurukoa izan da (% 11 gehiago).

Erakundeak azpimarratu egin du kudeatzen dituen pentsio-planen eta BGAEen portaera, % 16,6 hazi baitira urte arteko datuei dagokienez. Kutxabank laugarren talde gisa finkatu da Estatuan aurreikuspenen kudeaketan, eta bosgarren postuan dago inbertsio-funtsak, pentsio-planak eta BGAEak aintzat hartuta.

Halaber, pandemiaren testuinguruan enpresei eta erakundeei laguntzeko urtebetean 3.000 milioi euro eman dituela azpimarratu du, eta handizkako arloan 2021ean proiektu berde edo jasangarrietarako 340 milioi euro eman dituela.

Kutxabankek berankortasun tasa % 2,19 jaitsi du (sektoreko batezbestekoa % 4,55ekoa zen otsailean). Jaitsiera horrek esan nahi du hiru hilabetean oinarrizko 13 puntuko beherakada izan dela. Zalantzazko aktiboen saldoak behera egiteak berankortasun tasa jaisten lagundu du. Izan ere, zalantzazko aktiboen saldoa 290 milioi euro jaitsi da azken 12 hilabeteetan, 45 milioi euro aipatutako hiruhilekoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak