Ekonomia -
LAN OSASUNAREN MUNDU EGUNA
Koronabirusarekin infektatuen % 70 lanpostuan kutsatu direla salatu dute sindikatuek
Pandemiak lan segurtasunean eta osasunean izandako eragina nabarmendu dute sindikatuek. Gehiengo sindikalak deituta, manifestazioak egin dituzte Bilbon eta Donostian.
O. A. | EITB MEDIA
Gaur, apirilak 28, lan segurtasun eta osasunaren mundu eguna da, eta sindikatuak kalera atera dira. Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak salatu duenez, pandemia eragin zuzena izaten ari da lan osasunean. Datuak ere jarri dituzte mahai gainean, eta kutsatzeen % 70 lanpostuan gertatu direla nabarmendu dute.
Egunaren harira, sindikatuek elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta, manifestazioa egin dute Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan hasi eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzara arte.
ELA sindikatuak ikuskatzaileen kopurua handitzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Haren esanetan, Europako batez bestekora iristeko 100 gehiago beharko lirateke.
LABek, bere aldetik, Urkulluri eta Chiviteri galdetu die zenbat langile hil behar diren eta zenbat langilek galdu behar duten beren osasuna gutxi batzuek dirua pilatzen jarraitzen duten bitartean. LABek emandako datuen arabera, iaz 70 langile hil ziren lan istripuetan Hego Euskal Herrian. Aurten dagoeneko 18 hil dira.
UGTk eta CCOOk elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, bakoitzak bere aldetik. CCOOk 11:30ean egin du hitzordua Bilboko Kale Nagusian, Confebasken aurean. Bertan izan dira, Alfonso Rios CCOO Euskadiko Lan osasun arloko arduraduna eta Loli Garcia idazkari nagusia.
Alfonso Riosek ohartarazi duenez, "tlelanaren benetako leherketa" izan denean, emakumeak izan dira telelanean gehien aritu direnak, eta horrek "etxeko lanetan nor ari den erakusten du".
Bilbon jarraituz, UGTk elkarretaratzea deitu du eguerdirako Moyua plazan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Juan Carlos Cardenas UGT Euskadiko Segurtasun, Osasun eta Gizarte Ongizate arloko idazkari nagusiak ere parte hartuko du.
Donostian, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek manifestazioa egin dute 11:30ean, Lan Ikuskaritzatik abiatuta.
Argazkia: @LABsindikatua
Ordu berean, Gasteizen, kontzentrazioa egin dute Lakuan.