Ekonomia -

MANIFESTAZIOA

LABeko sei kideen atxiloketen salaketa eta borroka sindikala aldarri, Iruñean

"Sindikalismoa ez da delitua" leloa plazaratu dute manifestariek gaur arratsaldean Iruñean. Garbiñe Aranburuk adierazi du atxiloketak "eredu sindikal feministaren kontrako erasoa" izan direla.

Iruñeko manifestazioaren burua. Argazkia: EFE
Iruñeko manifestazioaren burua.
Iruñeko manifestazioaren burua. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuko sei kideren atxiloketa salatzeko manifestazioa izan da gaur arratsaldean Iruñean. Jende andana bildu da Nafarroako hiriburuan, sindikalismoa ez dela "delitua" aldarrikatzeko eta "sindikalismo borrokalaria" defendatzeko.

Apirilaren 20an, asteartea, atxilotu zituzten sindikalistak, apirilaren 9an garbiketako sektorearen mobilizazio batean, ISN enprearen kamioi bat blokeatzean, izandako liskar batzuekin zerikusia zutelakoan; baita martxoaren 8an CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren egoitzaren aurrean izandako protesta batekin ere. Atxilotuetako bat egunean bertan utzi zuten libre eta gainontzekoak, hurrengo egunean. Ostegun honetan bertan, atxilotuek adierazi zuten inputatu nahi bazituzten, nahikoa zela zitazio judizial batekin.

Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren arabera, 900 lagunetik gora elkartu dira 17:00etan Baluarte plazatik abiatu den martxan. Hiru emakume zutabe, "pikete feminista" zioten txalekoak jantzita, joan dira aurretik, eta euren atzetik, "El sindicalismo combativo no es delito. Borroka sindikala aurrera" zioen pankarta. Manifestazioa Sarasate pasealekuan amaitu da eta bidean zehar, 'sindikalismoa ez da delitua', 'delitua, patronalarena', 'Gora borroka feminista' eta 'lotsa emango lidake polizia izatea' bezalako leloak entzun dira.

pamplona

Manifestazioaren irudia. Argazkia: EFE

Manifestazioa hasi aurretik egindako adierazpeneta, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi du aste honetan izandako atxiloketak "protesta sindikal eta sozialaren kontra egiten ari diren errepresioan jauzi bat gehiago" direla. Aranbururen iritziz, "aste honetako polizia operazioa sindikalismo borrokalariaren eta gure sindikatuak egiten duen sindikalismo eredu feministaren kontrako erasoa izan da".

"Bizitzen ari garena alrebeseko mundua da" salatu du Aranburuk: "delitu gisa hartzen da injustizia batzuen kontra borrokatzea, eta aldi berean, patronalaren ekintzak zigorgabe geratzen dira". LABeko idazkariak gogor defendatu du "borroka sindikala ez dela delitua" eta, aldiz, "bada delitua lanpostuetan prebentzio neurriak ez betetzea, adibidez". "Dozenaka langile hiltzen dira urtero prebentzio neurriak betetzen ez direlako eta ez dugu inongo enpresabururik ikusi gaua komisaldegian pasatzen, patronalaren indarkeria horren aurrean" salatu du.

Aste honetan LABeko kideak atxilotu dituztenek mezu argia eman nahi izan dute bere ustez, "mezu argi bat ez sindikatu honentzat bakarrik, baizik eta egungo ordena zalantzan jarri nahi duen ororentzat". "Ikusten ari gara lana defendatzen ari diren langileen kontra bidaltzen dutela polizia", "ikusten ari diren egoera kritikatzen ari diren ostalarien kontra" gaineratu du Aranburuk eta LABEko kideen atxiloketak "sistema egiten ari den kriminalizazio horren baitan" daudela berretsi du.

Horren aurrean, eta jada aste honetan esana zuen mezua errepikatuz, ez dutela "obedituko" ohartarazi du, "ez gaituzte kikilduko eta sindikalismo borrokalariarekin nahiz eredu sindikal feministarekin jarraitu dugu orain arte bezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa LAB Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak