Ekonomia -
GREBA SEKTORE PUBLIKOAN
Sektore publikoko behin-behineko lanpostuak egonkortzeko eskatu dute sindikatuek
ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek EAEko sektore publikoan deitutako grebarekin bat eginez, jende andana elkartu da Bilboko, Donostiako eta Gasteizko manifestazioetan.
EITB MEDIA
Manifestazio jendetsuak egin dituzte eguerdian Bilbon, Donostian eta Gasteizen, EAEko sektore publikoan gaurko deituta dagoen greba deialdiaren harira. Lanpostuak egonkortzea eta gehiegizko behin-behinekotasun tasarekin amaitzea eskatu dute, besteak beste.
Zerbitzu publikoak egonkortzea aldarrikatzen dute; izan ere, salatu dutenez, ia 60.000 behargin publiko kontratu finkorik gabe ari dira lanean.
Eguneko manifestazio nagusiak eguerdian (11:30) egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Bilbokoa Jesusen Bihotza plazatik atera eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean amaitu da; Donostiakoa Bulebarren hasi eta amaitu da; eta Gasteizkoa udaletxean hasi eta Arabako Diputazioaren egoitzaren aurrean bukatu da.
Bilboko mobilizazioa hasi aurretik, egunaren balorazioa egin dute ELA, LAB eta CCOO sindikatuek. Prekaritatearekin amaitzea eta enplegua egonkortzea galdegin diote Eusko Jaurlaritzari, lan eskaintza publiko gehiago eskaerarekin batera.
Igor Izagirre (ELA): "Behin-behineko langileen artean grebaren jarraipena oso zabala da''
Igor Izagirre ELA sindikatuaren sektore publikoko arduradunak pribatizazioa albo batera uzteko eta sektore publikoko bitarteko langileak (60.000 guztira) egonkortzeko eskatu die erakundeei.
Horrela, Urkullu lehendakariari zuzenduta, "Europako eta Estatuko behin-behinekotasun tasarik altuenarekin amaitzeko" zer egingo duen galdetu dio. Gaineratu duenez, bien bitartean, ELAk kalean jarraituko du "aldi baterako langileen enplegua bermatu arte".
Garbiñe Aranburu (LAB): ''Zerbitzu publikoak defendatzea sektore publikoan kalitatezko enplegua defentzea da''
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, bere aldetik, prekaritatearekin amaitzea eta lan eskaintza publiko gehiago egitea aldarrikatu du. Salatu duenez, behin-behinekotasunak emakumezko aurpegia du; izan ere, behin-behineko kontratua duten langileen % 69 emakumeak dira.
"Egonkortze prozesuak martxan jarri behar dira". Ildo horretan, administrazio bakoitzaren errealitatea aintzat hartzea eskatu du.
Loli Garcia (CCOO): ''Zerbitzu publikoak aldarrikatzeko eguna da gaurkoa''
Loli Garcia CCOOko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, sektore publikoko behin-behinekotasun tasak "ez dira jasangarriak", eta Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak egin ditu prekarietate maila horien erantzule.
"2010. urtean lortutako akordioa betetzea eskatzen dugu, behin-behinekotasuna % 8ra jaisteko, orain % 40tik gorakoa baita", adierazi du Garciak.