Ekonomia -

Polizia operazioa

Aske utzi dituzte Espainiako Poliziak atzo atxilotutako LABeko sei kideak

Atxilotuetako bat atzo gelditu zen libre. Gainerakoek polizia-etxean igaro dute gaua eta Nafarroako Justizia Jauregitik pasatu ostean atera dira, kargurik gabe.

Atxilotuetako bat, aske. Argazkia: @LABNafarroa
Atxilotuetako bat, aske
Atxilotuetako bat, aske. Argazkia: @LABNafarroa

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Espainiako Poliziak Iruñean atxilotutako LAB sindikatuko sei kideak aske dira. Atxilotuetako bat atzo bertan askatu zuten eta gainerakoek polizia-etxean igaro dute gaua.

Azkeneko bost atxilotuak gaur goizean atera dira, eta kargurik gabe gainera, Nafarroako Justizia Jauregitik.

Irteeran egin dituzten adierazpenetan, harridura agertu dute beraien aurkako salaketek zuten oinarri ahulengatik. Imanol Salinas libre gelditu den kideetako baten esanetan, demokrazia nolakoa den erakusten duen gertakaria da.

Martxoaren 8an Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen egoitzaren aurrean egindako protesta batean eta garbiketa sektorearen protesta ekintza batean parte hartzeagatik hartu zituzten atxilo. Azken horietan, N-121 errepidean kamioi bat blokeatu zuten sindikatuko kideek apirilaren 9an, garbiketa sektorean "lan hitzarmen duin" bat eskuratzeko negoziazioetan zegoen blokeoa ikusarazteko.

Gertakaria Beriainen izan zen, N-121 errepidean. Bi langile ISN enpresaren kamioi baten gainera igo ziren eta bidea itxi zuten, sektoreko lan-hitzarmenaren negoziazioan egindako protesta gisa. "Bi langilek ISNren kamioia geldiarazi zuten negoziazioa etenda zegoela salatzeko, eskubideen defentsan borroka egiteko eta oinarrizko langileak badira baldintza duinak merezi dituztela esateko", azaldu zuen Imanol Karrera LAB Nafarroako bozeramaileak, atzo, atxiloketen irakurketa egiterakoan.

Garbiketa sektorearen protesta

LABeko kideek kamioi bat blokeatu zuten garbiketa sektorearen gatazka ikusarazteko. Argazkia: LAB

Salatu zuenez, langileak atxilotzen dituzten bitartean, ISNren arduradunari ez zaio ezer gertatzen "kontratazioetan iruzurra egiteagatik eta lan-hitzarmenean jartzen duena ez errespetatzeagatik epaitzen ari direnean". "Ez dute neurri bera batzuekin eta besteekin, eta hori da salatu nahi duguna maiatzaren 1aren atarian", gaineratu zuen.

Enpresaburuen aurkako protestagatik bi lagun atxilotu zituzten, eta gainerakoak, ostera, kamioi bat geldiarazteagatik eta 2.000 euroko kaltea egiteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iruñeko albisteak Albisteak Nafarroa Langile Abertzaleen Batzordeak Gizartea albisteak Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Euskal sindikatuak