Ekonomia -
Polizia operazioa
Espainiako Poliziak LABeko sei kide atxilotu ditu Iruñean
Dena dela, operazioa zabalik dagoela eta atxiloketak gehiago izan daitezkeela ohartarazi du sindikatuak. M8ko eta garbiketa sektorearen protesta ekintzetan parte hartzeagatik hartu dituzte atxilo.
EITB MEDIA
Espainiako Poliziak LAB sindikatuko sei kide atxilotu ditu gaur goizean Iruñean (Nafarroa). Antza, martxoaren 8an Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen egoitzaren aurrean egindako protesta batean eta garbiketa sektorearen protesta ekintza batean parte hartzeagatik hartu dituzte atxilo. Azken horietan, N-121 errepidean kamioi bat blokeatu zuten sindikatuko kideek apirilaren 9an, garbiketa sektorean "lan hitzarmen duin" bat eskuratzeko negoziazioetan zegoen blokeoa ikusarazteko.
LABen esanetan, mehatxuak eta bide segurtasunaren kontrako delituak egotzi dizkiete atxilo hartutakoei. Operazioa zabalik dago, eta baliteke atxiloketa gehiago egitea.
LABeko kideek kamioi bat blokeatu zuten garbiketa sektorearen gatazka ikusarazteko. Argazkia: LAB
Atxilotutakoen artean, Izaskun Juarez dago, Iruñerria-Pirinioak eskualdeko idazkaria, eta hori da, hain justu, libre utzi dutena. Beste kide bat ere askatu dute.
Iturrion arabera, gainerakoak Iruñeko polizia-etxera eraman dituzte. Polizia-etxearen aurrean elkarretaratzea egin du sindikatuak, eta atxilotutakoak askatzeko galde egin du. Agenteek bilkuran bildutako pertsonetako batzuk identifikatu ditu.
LABek zabaldutako prentsa ohar baten arabera, gaur maiatzaren 1erako antolatutako ekitaldiak aurkeztu behar zituzten prentsaurrekoan, baina Juarez bera agerraldian egotekoa zenez, bertan behera utzi dute. Horren ordez, Imanol Karrera LAB Nafarroako bozeramaileak atxiloketen irakurketa egin du: "Hitzarmen baten blokeoa salatzeko borrokatzen denean, halako erabakiak hartzen ditu botereak. Langileak atxilotzen dituzte, baina hitzarmena betetzen ari ez den ISN enpresako arduraduna, Elizalde jauna, ez. Elizalde oso ezaguna da epaitegietan kontratazio arloan egindako iruzurrengatik, baina ez dute horren kontra ezer egiten".
Enpresaburuen aurkako protestagatik bi lagun atxilotu dituzte, mehatxuak egotzita, eta gainerakoak kamioi bat geldiarazteagatik eta 2.000 euroko kaltea egiteagatik. Atxiloketak gaur izan diren arren, gertakariak martxoaren 8koak eta apirilaren 9koak dira, hurrenez hurren.
Karrerak gogora ekarri duenez, enpresaburuen aurrean egindako protestan "kontratazioetako diskriminazioa" salatu zuten, eta "hauts ekologiko gorri bat jaurti zuten, Europa mailan erabat homologatuta dagoen ekintza bat, baina Espainiako demokrazia Europar Batasunetik kanpoko parametroetan kokatzen saiatzen dira".
Horren harira, azpimarratu du "Greenpeacek edo nazioarteko beste erakunde batzuek antzeko ekintzak egiten dituztenean ezer ere ez" dela gertatzen, baina "mobilizatzen direnak langileak direnean, atxilotu" egiten dituztela.
Ustez atxiloketak eragin dituen beste gertakaria Beriainen izan zen, N-121 errepidean. Bi langile ISN enpresaren kamioi baten gainera igo ziren eta bidea itxi zuten, sektoreko lan-hitzarmenaren negoziazioan egindako protesta gisa. "Bi langilek ISNren kamioia geldiarazi zuten negoziazioa etenda zegoela salatzeko, eskubideen defentsan borroka egiteko eta oinarrizko langileak badira baldintza duinak merezi dituztela esateko", azaldu du Karrerak. Gainera, ordezkari sindikalak kritikatu du langileak atxilotzen dituzten bitartean, ISNren arduradunari ez zaiola ezer gertatzen "kontratazioetan iruzurra egiteagatik eta lan-hitzarmenean jartzen duena ez errespetatzeagatik epaitzen ari direnean".
"Ez dute neurri bera batzuekin eta besteekin, eta hori da salatu nahi duguna maiatzaren 1aren atarian", gaineratu du.
Karrera ETBko "Egun On Euskadi" saioan izan da goizean:
BIDEOA | "Errebindikazio sindikalak daude atxiloketen atzean: garbiketa arlokoak eta M8koak"
Bilbon, LABeko pikete feministak mobilizazioa egin du apirilaren 22an sektore publikoan deituta dagoen greba tarteko eta Iruñeko atxiloketak ere hizpide izan dituzte. LABeko Idazkaritza Feministak salatu duenez, ez dute onartuko sindikatuaren kontrako inolako erasorik "emakume* langileen defentsan egindako ekintzengatik".
LABeko pikete feminista, Bilbon. Argazkia: @LABsindikatua
Zerbitzu Publikoetako Federazioko ordezkari Eider Casanovak, bere aldetik, atxiloketak salatu ditu eta emakume langileen eskubideen defentsan jarraituko dutela berretsi du.
Erreakzioak
ELA sindikatuak ere gogor jo du atxiloketen aurka. "Akusazioak artxibatzea" eskatu du, eta "Nafarroan eta Euskal Herri osoan mugimendu sindikalaren kriminalizazioa" dagoela kritikatu du.
Bestalde, ESK sindikatuak "gogor" gaitzetsi ditu atxiloketak, "sindikalismoaren eta langileen eskubideen aurkako eraso larria" izan direlako. "Sindikalismoa kriminalizatzeaz gain, gaurkoa bezalako jarrerek emakumeen borrokari zilegitasuna kentzea besterik ez dute bilatzen, eta ez diegu utziko", gaineratu du.
Sortuk "onartezin" jo du "emakumezko langileen eskubideak defendatzen dituztenak jazartzea", eta azpimarratu du "agerian" geratu dela "Espainiako Estatua ez dela estatu demokratikoa, propaganda eta sindikalistak kikiltzea lehenesten duelako, sakoneko arazoari irtenbidea ematearen gainetik, hau da, garbiketa sektoreko langileen egoera prekarioa konpontzearen gainetik".