Ekonomia -

KRISI EKONOMIKOA

Covid-19aren krisiari aurre egiteko zerga erreformak eskatuko ditu EH Bilduk

Koalizioaren iritziz, diru gehiago bildu behar da aberastasuna hobeto banatzeko. Horretarako, gehien dutenek gehiago ordaintzea proposatzen du.

100 euroko billeteak eta kreditu txartel bat (Aitortzarik eskatzen ez duen irudia)
100 euroko billeteak eta kreditu txartel bat
100 euroko billeteak eta kreditu txartel bat (Aitortzarik eskatzen ez duen irudia)

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako krisi sozial eta ekonomikoari aurre egiteko zerga erreformak egitea galdegingo du EH Bilduk. Horretarako, proposamen bat aurkeztuko du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Espainiako Diputatuen Kongresuan, Nazioarteko Diru Funtsak zerga alorrean egindako proposamenak azter ditzatela eskatuz.

Ohar batean gogoratu duenez, iaz "covid tasa" ezartzea proposatu zuen EH Bilduk erakundeetan, "baina gobernu horiek sostengatzen dituzten alderdiek errefusatu egin zuten", zorpetze publikoaren aldeko apustua eginez. Joan den astean, Nazioarteko Diru Funtsak proposamen batzuk egin zituen, EH Bilduren esanetan, koalizioak aurrez aurkeztu zituenen ildotik.

Ezker subiranistaren iritziz, beharrezkoa da zerga erreforma bat egin eta diru gehiago biltzea, "herrialde honetan sortutako aberastasuna hobeto banatzeko, eta, beraz, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten".

Koronabirusaren krisiak "sistemaren hauskortasuna" agerian utzi duela nabarmendu du koalizioak, herritar askoren lehen mailako beharrak asetzeko gai ez dela iritzita. Ildo horretan gaineratu duenez, Nazioarteko Diru Funtsak ere zerga erreformak iradokitzen ditu diru gehiago bilduz "ahulenak babesteko".

Europara eta mundura begiratu du EH Bilduk. Hala, Erresuma Batuan sozietateen gaineko zerga % 19tik % 25era handitzea edota ondarearen gaineko zerga ezartzea eztabaidatzen ari direla aipatu du. Koalizioak azpimarratu duenez, Danimarkan aberastasun handiei eta bankuei zerga bat ezartzea planteatzen ari dira, eta Europako Batzordea, bere aldetik, multinazional handiei zerga bat ezartzea pentsatzen ari da.

Beraz, "korronte globala da, pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta sozial larriari aurre egiteko sistemak duen ezintasunean oinarritzen dena", azaldu du.

Amaitzeko, Otegiren iritziz, Euskal Herria ezin da eztabaida horretatik at gelditu, eta "herritarrak babesteko neurri guztiak" aztertzea eskatu die erakundeei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Alderdi politikoak albisteak Ekonomia 2024 EH Bildu Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak COVID olatu berria