Ekonomia -

Espainiako Estatua

Sanchezek Susperraldi Planaren inbertsioak iragarri ditu

20 inbertsio aurreikusten ditu sektore nagusietarako datozen hiru urteetan, arreta berezia mugikortasun iraunkorrean, etxebizitzan, energian eta administrazio publikoaren modernizazioan jarrita.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, gaur. Argazkia: Efe
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, gaur. Argazkia: Efe
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, gaur. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak 20 inbertsio aurreikusten dituela datozen hiru urteetarako sektore nagusietan, arreta berezia jarrita mugikortasun iraunkorrean, etxebizitzan, energian, administrazio publikoaren modernizazioan eta digitalizazioan.

Horixe jakinarazi du presidenteak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Gobernuko kide guztiak bildu dituen Susperraldirako, Eraldaketarako eta Erresilientziarako Ministerio Arteko Batzordea elkartu eta gero.

Azaldu duenez, 13.200 milioi euro bideratuko dituzte mugikortasun iraunkor, seguru eta konektaturako estrategiara; 6.820 milioi euro etxebizitzak berritzeko; 4.315 milioi euro administrazio publikoak berritzeko eta behin behinekotasunari aurre egiteko; 4.066 milioi euro enpresa txiki eta ertainen digitalizaziorako; 3.999 milioi euro 5Gan aurrera egiteko; eta 3.782 milioi euro industria politika eta ekonomia zirkularra berritzeko.

Era berean, 3.593 milioi euro digitalizazio plan batean inbertituko dituzte; 3.400 milioi turismoaren sektorera joango dira; 3.380 milioi euro zientzia eta berrikuntzara, eta 3.165 milioi energia berriztagarrien integraziora.

"Susperraldi Plana da Espainiak duen aukera handiena Europar Batasunean sartu zenetik", azpimarratu du Sanchezek, eta gehitu du bere Gobernuak ez duela "Europako funtsen aukera pasatzen utziko, ez soilik krisiaren premiari erantzuteko, baizik eta datozen hamarkadarako etorkizun eredua diseinatzeko".

Aipatu inbertsioez gain, zaintzaren ekonomiarako 2.492 milioi euro inbertituko dituzte; beste 2.363 milioi euro lan merkatu "dinamiko, erresiliente eta barne-hartzailea" lortzeko politika publikoetarako; 2.091 milioi euro kosta eta ur baliabideak zaintzeko; eta 2.076 milioi euro lanbide heziketarako plan estrategiko baterako.

Bestalde, 1.643 milioi euro erabiliko dituzte ekosistemak eta biodibertsitatea zaintzeko; 1.648 milioi euro hezkuntza sistema modernizatzeko eta digitalizatzeko; 1.555 milioi euro hidrogeno berriztagarrirako ibilbide orrian; 1.365 milioi euro elektrizitate azpiegituretarako, sare adimendunetarako eta gordailuetarako; 1.069 milioi euro osasun sistema modernizatzeko eta 500 milioi adimen artifizialerako estrategian.

Hori horrela, 2021etik 2023ra 70.000 milioi euroko inbertsioak izango dituzte, eta ekonomian eta enpleguan "berehalako" eragina izango omen dute aurten bertan.

Egitasmo osoa aintzat hartuta, % 39 trantsizio ekologikora bideratuko da, % 29 eraldaketa digitalera, % 10,5 hezkuntzara eta % 7 berrikuntzara, Sanchezek agerraldian azaldu duenez.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak