Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Gaur hasi da Aernnovaren aurkako lehenengo epaiketa
Juan Carlos Gomez Aernnovako enpresa batzordeko presidentearen ustez, epaia oso garrantzitsua izango da ITP eta Tubacex bezalako enpresetan egoera berdinean dauden langileentzat.
EITB MEDIA
Gaur ekin diote Aernnovako enplegu erregulazioko espedientearen aurkako lehenengo epaiketari, eta Juan Carlos Gomez Aernnovako enpresa batzordeko presidenteak adierazi duenez, Berantevillako lantegian aurreikusita zeuden 82 kaleratzeak bertan behera uztea defendatuko dute.
Epaiketa hasi baino minutu batzuk lehenago langileek, ITP-PCB eta Tubacex enpresetako langileek lagunduta, kontzentrazioa egin dute Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean.
Gomezek esan du pandemia "aitzakia" gisa erabili duela enpresak covid-19aren aurretik "planifikatutako eta erabakitako" langileen murrizketa aplikatzeko. Gainera, inoiz negoziatzeko borondaterik edo asmorik" erakutsi ez izana leporatu dio zuzendaritzari.
Azaldu duenez, "kaleratzeak baliogabetzeko azken neurri gisa" jo dute epaitegietara, "beste aukerarik utzi ez dutelako"; izan ere, "behin-behineko edozein neurri onartzeko prest zeuden, baina enpresak ez du negoziatzeko esertzeko edo beste formula alternatibo bat aztertzeko asmorik izan".
Bere ikuspuntutik, pandemia "plantillak garbitzeko, kostuak aurrezteko eta lanpostuak suntsitzeko aitzakia" baino ez da izan enpresako zuzendaritzarentzat.
Horren harira, Gomezek esan du epaia "oso garrantzitsua" izango dela kaleratutako langileentzat, baita ITP eta Tubacex enpresetan egoera berean daudenentzat ere.
Kaleratzeen aurkako epaiketa otsailaren 16an egin behar zuten, baina atzeratu egin behar izan zuten, epaiketan parte hartu behar zuen abokatu batek positibo eman zuelako.