Ekonomia -
LANA
Enpleguaren Euskal Estrategiak "kalitatea, inklusioa eta berdintasuna" ditu xede
Astearteko gobernu bileran onartu dute 2030 urtera arteko Enpleguaren Euskal Estrategia. Orain, Eusko Legebiltzarrera igorriko dute taldeek beren ekarpenak egin ditzaten.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Eusko Jaurlaritzak enplegu politiken alorrean aro berri bat zabaldu nahi du, gaurko gobernu bileran onartu duen 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin. Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenez, kalitatezko enpleguaren, inklusiboaren eta berdintasunezkoaren aldeko hitzarmen proposamena da. Halaber, enplegua gizartearen aurrerabiderako eta kohesio sozialerako baliagarria izatea bilatzen du.
Astearteroko gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan parte hartu du Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak eta estrategia berriaren inguruko xehetasunak eman ditu.
Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte hartzen duten eragileen ekarpenak jasota, laster Eusko Legebiltzarrera igorriko dute talde parlamentarioek ere aldaketak proposatzeko aukera izan dezaten. Idoia Mendia sailburuak aurreratu duenez, dagoeneko egina du batzordean agerraldia egiteko eskaera.
Mendiak kalitatezko enpleguaren, enplegu inklusiboaren eta berdintasunezkoaren aldeko hitzarmen proposamen gisa aurkeztu du, "eragile sozial eta politiko guztiei irekia".
Egitasmo horren helburuak honakoak dira: kalitatezko enpleguan sakontzea, "gizarteratzeko eta giza garapenerako funtsezko tresna den aldetik", lurraldearen garapen sozial eta ekonomikoari laguntzea, Enplegu Politika Aktiboetarako Eskubidea eskubide subjektibo gisa ezartzea, eta enpleguari dagokionez aukera berdintasuna bermatzea.
26 gako lau bektore estrategikotan banatuta
Estrategia horren baitan hurrengo hamarkadarako 26 gako finkatu ditu Eusko Jaurlaritzak, lau bektore estrategikotan ordenatuta.
1) Kalitatezko enplegua, gizarteratzeko eta giza garapenerako funtsezko tresna gisa.
2) Produkzio sistemara egokitzen den enplegu erresilientea.
3) Enplegu politika aktiboetarako eskubide subjektiboa. Eskubide hori gauzatzeko enplegu zerbitzu publikoa hobetzeko ekimenak jasotzen dira.
4) Pertsona guztientzako aukera berdintasuna: generoa, adina edo sektorea edozein dela ere.
Horiek guztiak 8 proiekturen bidez islatuko dira: Euskal Enplegu Sistemaren Legea, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko 4/2011 Legea aldatzea, Lanbide Hobetzen, Euskal Enplegu Sistemaren funtsezko tresna publikoa; Enplegurako Prestakuntzako Euskal Esparrua eraldatzea, Enplegu eta Prestakuntza Plana, Egoitza programa, covid-19 talka plana eta enplegu politika aktiboak ebaluatzeko sistema.