Ekonomia -
Mobilizazioak
Langile publikoen behin-behinekotasunaren aurka protestak egin dituzte hiriburuetan
Antolatzaileen hitzetan, "gehiegizko behin-behinekotasuna lege iruzurra da". Horregatik, behargin finkoak bihurtzea aldarrikatu dute.
EiTB Media | Agentziak
Dozenaka autok karabanak osatu dituzte Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian, langile publiko askoren behin-behinekotasunaren kontra protesta egiteko. Ibilgailuetan kartelak eta puxikak lotu dituzte, eta klaxonak jo dituzte hiriburuetan. Antolatzaileen ahotan, "gehiegizko behin-behinekotasuna lege iruzurra da". Horregatik, behargin finkoak bihurtzea aldarrikatu dute.
Espainia osoan 30 karabana antolatu dituzte. Iruñekoa TPAT Nafarroako plataformak deitu du. Dozenaka auto bildu dira mobilizazioan. Leihoetan kartelak zintzilikatu dituzte: "SOS finko orain", "800.000 behargin publiko behin-behinekotasunean, #finko orain" edo "Behin-behinekotasuna Administrazioan, aski da".
Karabana zaratatsua UPNAko aparkalekutik abiatu da, Iruñeko erdialdean ibilbidea egin du, eta Berriozarren bukatu da. Espainiako Gobernuaren politikak kritikatu dituzte bertan: "CCOO, UGT eta CSIF arazoa sortu duten sindikatuekin soilik biltzen dira, eta Udalerrien Federazioarekin, gu beti bazterrean utziz, gure eskubideak alde batera utziz".
"Lan eskaintza publikoen bidearekin itsututa jarraitzen dute", deitoratu dute. Era berean, erkidegoetako gobernuak kritikatu dituzte: "ezer ezin dutela egin esatera mugatzen dira, Estatu mailako arau aldaketaren zain".
"Gehiegizko behin-behinekotasunaren arazo enkistatuarekin bukatzeko eta legea betetzeko borondate politiko eta sindikal eskasa agerian geratu da", esan dute manifestuan.
Gobernuak eta sindikatuak "luzamendutan dabiltza", eta "ekintzak areagotzea beste biderik ez digute uzten: greba egin, salaketa indibidual masiboak aurkeztu, hautaproba guztiak auzitara eramatea eta legez kanpoko kontratazioen arduradunen aurka egin, ordain dezaten", nabarmendu dutenez.
"Europaren aurrean Espainiako Gobernuaren jarrera eta bidegabekeria hau" salatuko dute, "sekula beste estatu kide batean ikusi ez den desobedientzia ekintza etengabea delako, legedia behin eta berriro urratuz", erantsi dutenez.