Ekonomia -

Epaiketa

Xabi Alonso berriro absolbitu dute, Ogasunari egindako ustezko iruzurraren auzian

2010, 2011 eta 2012 urteetan, Ogasunari ia bi milioi euroko iruzurra egin izana leporatuta epaitu zuten futbolari ohia.

Xabi Alonso epaitegira bidean. Artxiboko argazkia: EFE
Xabi Alonso epaitegira bidean.
Xabi Alonso epaitegira bidean. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabi Alonso futbolari ohia -egun Realeko bigarren taldearen entrenatzailea da- Ogasunari 2010, 2011 eta 2012 ekitaldietan ustez ia bi milioi euroko iruzurra egitea leporatuta epaitu zuten eta Madrilgo Lurralde Auzitegiak errugabea dela ebatzi du, bigarren aldiz.

Lehendabiziko epaia ere Alonsoren aldekoa izan zen, baina Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak helegite bana aurkeztu zuten, eta epaimahaiak ebazpena bertan behera uztea erabaki zuen.

Alonsorekin batera, Ivan Zaldua abokatua eta Ignasi Maestre Kardzali sozietateko administratzaile ohia ere absolitu dituzte.

Epaitutako gertakariak 2009an dute abiapuntua. Garai hartan Alonso Liverpooleko jokalaria zen eta Real Madrilek fitxatzeko eskaintza jaso zuen. Bere irudi-eskubideak egoitza Madeiran duen Kardzali sozietateari utzi zizkion orduan, zerga-sistema Portugalen malguagoa omen delako.

Fiskaltzaren arabera, operazio horrekin irudi-eskubideengatik lortutako irabaziei lotutako zergak ordaindu behar izatea saihestu nahi izan zuten, eta, ondorioz, bi urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu zuen hiru auzipetuentzat.

Epaileek, baina, berretsi egin dute bidezkoa zela —orduan zegoen zerga araudiari erreparatuta— irudi-eskubideak lagatzeagatik jokalariak izandako etekinengatik pertsona fisikoen gaineko errentari zegozkion zergarik ez ordaintzea, zerga-araubideak ezarritako baldintza guztiak bete baitziren.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Reala Iruzurrak Epaiketak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril Real Madril