Ekonomia -

Lan-ezbeharrak

Behargin bat hil da Abadiñon gertatutako lan-istripu batean

Oxigeno bonbona batzuk mugitzen ari zen garabiarekin ezbeharra gertatu denean.

Abadiñon lan-istripua gertatu den lekua. Argazkia: Iker Salgado
Abadiñon lan-istripua gertatu den lekua. Argazkia: Iker Salgado
Abadiñon lan-istripua gertatu den lekua. Argazkia: Iker Salgado

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langile bat hil da gaur goizean Abadiñoko (Bizkaia) Lebario auzoko enpresa batean oxigeno bonbona batzuk garabiarekin mugitzen ari zenean gertatutako istripuan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Ezbeharra 08:25 aldera gertatu da, eta osasun zerbitzuak eta suhiltzaileak bertaratu badira ere, ezin izan dute ezer egin gizonezkoaren bizitza salbatzeko.

Atzo, 57 urteko emakume bat hil zen Zugaztietako (Trapagaran, Bizkaia) ostalaritza-lokal batean izandako lan-istripu batean, antza denez, jatetxeko karga-jasogailu batekin istripua izan ostean.

"Pasibotasun konplizea" leporatu diote sindikatuek Jaurlaritzari

Azken bi egunetako istripuen erantzukizuna patronalari egotzi dio LAB sindikatuak. Bi behargin hil dira, gogorarazi duenez. Gainera, “pasibotasun konplizea” leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Azken heriotzekin, aurten gutxienez 16 langile hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, eta Joaquin Beltranek oraindik “desagerturik jarraitzen du Zaldibarko zabortegian”, nabarmendu duenez.

Sindikatu abertzaleak salatu duenez, “langileria lantokian pairatzen ari den indarkeria gizarte arazo larria da”. “Inposatzen diren politika neoliberalen ondorio zuzena da, egiturazko arazoa”, azpimarratu du. “Prekarietateak, azpikontratazioak eta prebentzio neurrien faltak gaixotzen eta hiltzen gaituzte”, deitoratu du.

Era berean, ELAk bere "elkartasun eta babes osoa" adierazi die bi hildakoaren senitarteko, lagun eta lankideei. "Lan merkatuan guztiz erroturik dagoen prekarietatea salatu behar dugu berriro ere; lan baldintza txarrak, lan erritmo jasanezinak, jardunaldi amaigabeak eta prebentzio araudegiaren betegabetze argiak ohitura bihurtu dira eta tamalez, ondorio lazgarri hauek pairatzeko aukerak gero eta gehiago haunditzen dituzten faktoreak bihurtu. Are gehiago, beste behin ere azpikontratatutako enpresak direnean, ez-betetzeak biderkatu egiten direla argi ikusten dugu", kritikatu du ohar batean.

"Administrazioak honen guztiaren aurrean beste alde batera begiratzen du, modu sistematikoan; ikus ezinarena egiteagatik arazoa ez da ordea desagertzen, estrukturazko lakra honen erantzule eta konplize bilakatzen dira. Hori dela eta, lehen mailako arazo sozial eta laborala da hau; administrazioek ordea, ez diote gaiari heldu nahi, estatistikei bakarrik erreparatzen dute", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abadiño Durangaldea gaur