Ekonomia -

EUSKALTEL

Euskaltelen salmenta 'ona' da eta jasangarritasunari lagunduko dio, Kutxabanken ustez

MasMovil taldeak Euskaltel erosteko ia 2.000 milioi euroko eskaintza publikoa egin du, eta akziodun nagusiek operazioa babestu dute.

Kutxabanken egoitza nagusia. EITB MEDIAren bideo batetik ateratako irudia
Kutxabanken egoitza nagusia
Kutxabanken egoitza nagusia. EITB MEDIAren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

MasMovil taldeak Euskaltel erosteko egindako eskaintza zeresana ematen ari da. Euskalteleko bigarren akziodun nagusia den Kutxabanken esanetan, "operazioa ona" da eta telekomunikazio enpresaren "etorkizuneko jasagarritasunari" lagunduko dio.

Atzo arratsaldean zabaldutako informazioaren arabera, MasMovil taldeak Euskaltel osorik erosteko eskaintza publikoa egin du, ia 2.000 milioi euroren truke.

Operazioak Euskalteleko hiru akziodun nagusien (Zegona, Kutxabank eta Alba) babesa du. Hiruren artean akzioen % 52,32 bereganatzen dute. Eskaintza horren baitan, gutxienez akzioen % 75 eskuratzeko helburua jarri du MasMovil taldeak.

Kritiken aurrean, salmenta defendatu du Kutxabankek. Haren ustez, "operazio ona" da enpresarentzat, Euskaltelen "etorkizuneko iraunkortasunari laguntzen diolako". Are gehiago, Espainiako Estatuko lehen telekomunikazio enpresa izateko lehian jarriko duela uste du.

MasMovil taldeak "epe luzera" jarduera, lanpostuak, markak eta egoitza sozialak mantentzeko konpromisoa hartu duela gogoratu du Kutxabankek. Ildo horretan azpimarratu duenez, MasMovil taldearen akziodunen % 11 bertakoak dira.

Kutxabankek % 19,88ko partaidetza du Euskaltelen. 2019ko apirilean Euskaltelen lehen akzioduna izateari utzi zion, eta geroztik bere parte-hartzea gutxituz joan da urtez urte.

Gaur egun, Zegona Erresuma Batuko funtsa da akziodun nagusia, akzioen % 21,4rekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank berriak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa