Ekonomia -
ENPRESAK
Irizar e-mobilityk zero emisioko 44 autobus elektriko egingo ditu Bulgariarako
Autobusak Bulgariako Burgas hirirako izango dira, eta Burgas Bus garraio publikoko operadorea arduratuko da horiek kudeatzeaz. Lehen ibilgailuak irailean iritsiko dira bertara.
EITB MEDIA
Irizar e-mobility enpresa gipuzkoarrak Europan zehar hedatzen jarraitzen du, eta, oraingoan, Bulgariako Burgas hirirako zero emisioko 44 autobus elektriko egingo ditu.
Gipuzkoako enpresak jakitera eman duenez, Burgas Bus Bulgariako hiri horretako garraio publikoko operadorearen esku egongo da horiek kudeatzeko ardura, eta 130 ibilgailu baino gehiago ditu bere flotan.
Irizar e-mobilityk bezero horrentzat ekoitziko dituen 44 autobusetatik 34k 12 metroko luzera izango dute, eta 10ek, 18 metrokoa. Lehen unitateak irailean bidaliko ditu Bulgariara.
Ibilgailuek ion-litiozko Irizar bateriak eta Datik Irizar Taldeko enpresaren telemetria-sistemak izango dituzte, eta horien bitartez operadoreak ibilgailu elektrikoen flota monitorizatu ahalko du une oro.