Ekonomia -

EB-KO FLOTA

Europar Batasunak uztailera arteko arrantza-kuotak adostu ditu

Uztailera arte jarraitu ahalko dute Europar Batasuneko ontziek Erresuma Batuko uretan arrantzatzen, eta 2021erako kuotak negoziatzen jarraitzen dute.

Arrantza-ontziak portuan. Artxiboko argazkia: EFE.
Arrantza-ontziak portuan
Arrantza-ontziak portuan. Artxiboko argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko (EB) Arrantza ministroek akordioa adostu dute astearte honetan, Erresuma Batuarekin partekatzen dituzten erreserbetan arrantzatzeko aukera uztailera arte luzatzea ahalbidetuko duena, eta Londresekin 2021erako kuotak negoziatzen jarraitzen dute.

Portugalek proposamen bat aurkeztu du, eta ordezkaritzek onartu egin dute.

"Arrantza ministroek akordioa adostu dute Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko arrantza aukerei buruzko kontingentzia plan baterako", iragarri du Kontseiluak Twitter sarean duen kontuaren bidez.

Virginijus Sinkevicius Europako Ingurumen eta Arrantza komisarioak prentsaurrekoan adierazi duenez, lortutako akordioak aholkularitza zientifikoa kontuan hartu du batez ere, eta 2021eko behin betiko kuotak ezarri ahal izateko Erresuma Batuarekin "negoziazioak azkar amaitzea espero duela" adierazi du.

Espainia pozik agertu da akordioarekin, "ontzidiaren jarduerari jarraipena ematen diolako, Batzordeari Erresuma Batuarekin negoziazioak berehala amaitzea errazten diolako eta estatu kide guztien eta Batzordearen batasuna berresten duelako negoziazioekin lotuta", iturri diplomatikoen arabera.

Joan den urtearen amaieran, Erresuma Batuarekin partekatutako ehun erreserba baino gehiagoren lehen hiruhilekorako behin-behineko kuotak ezarri ziren, behin betikoak martxoa amaitu baino lehen itxiko zirelakoan.

Epemugarako bi aste falta direnean, eta orain arte bost kontsulta egin diren arren, ez dirudi itun hori laster iritsiko denik.

Luis Planas Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak astelehenean esan zuenez, Bruselak aurkeztutako proposamena babesten zuen Espainiak, baina "nabarduraren batekin".

Bereziki, 6, 7 eta 8 zonetan bisiguaren kuotak oraingo maila berean mantentzeak kezkatzen zuen Espainia.

Eskoziako mendebaldean harrapatzen diren oilarrak eta zapoak ere kezkatzen zuten, baita Itsaso Zeltikoko zapoak ere, abuztuan arrantzatzen amaitzen den hiru erreserba "oso urtarokoak" baitira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Erresuma Batua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Brexita Arrantza